AZPIEGITURAK

AHTaz Madrilekin ituna sinatzea "aukerarik egokiena" dela uste du Manu Aierdik

Nafarroako korridorea egiteko hitzarmen zirriborro bat prestatzen ari direla esan du lehendakariordeak, baina ez du zehaztasunik eman.

Uxue Barkos lehendakaria, Manu Aierdi eta Miguel Laparra lehendakariordeen ondoan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2017ko irailaren 7a
07:56
Entzun

Espainiako Sustapen Ministerioarekin itun bat sinatu nahi du Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Aierdik, AHTaren auzian. Uste du aukera hori dela "mesedegarriena, inteligenteena eta egokiena". Hala ere, ez du argitu Espainiako Gobernuak aurten eginiko hitzarmen proposamenari baiezkoa ala ezezkoa emanen dion: "Hitzarmen egoki bat nahi dugu", esan du.

Aierdiren esanetan, erantzun zehatz bat prestatzen ari da Uxue Barkosen gobernua, Iñigo de la Serna Sustapen ministroari igortzeko: AHTaren Nafarroako korridorearen nondik norakoak zehaztuko dituen kontraproposamen bat.

"Bi gobernuen erronka da ahalik eta akordiorik onena lortzea, eta gure jarrera da hitzarmena lortzea interesgarria dela", azaldu du lehendakariordeak: "Espainiako Estatuarena da azpiegitura eraikitzeko eskuduntza, baina Nafarroak aukera baldin badu horren garapenean laguntzeko, ahalmen handiagoa izanen du horretan eragiteko, eta erabakiak hartzeko".

AHTaren Nafarroako korridorearen inguruan parte hartze eta informazio prozesu bat abiatuko dutela iragarri du Aierdik.

Ezkerra: "Betikoa da"

Manu Aierdik AHTaren auzian erakutsitako jarrerarekin uzkur azaldu da Ezkerra. Bai Espainiako Sustapen Ministerioaren plana, baita Nafarroako Gobernua prestatzen ari den kontraproposamena "oso antzekoak" direla salatu du koalizioak ohar batean: "[Nafarroako Gobernuaren] zirriborroak ez du Espainiako Gobernuak ekainean eginiko proposamena askorik aldatzen, biak ala biak 2010ean sinatutako hitzarmenaren segida baitira". Funtsezko aldaketa bakarra lanen finantzaketa moduari dagokiola gaineratu du Ezkerrak: "Hitzarmen ekonomikoaren bidez finantzatu nahi dituzte obrak".

Hori ikusirik, tren ereduaz eztabaidatzeko proposamena egin du koalizioak, baina Nafarroako Gobernuak ezezkoa eman diela salatu dute: "Erantzun digute eztabaida horri heltzeko garaia igaro dela, eta gelditzen zaigun aukera bakarra dela Espainiako Gobernuak aurkeztutako eredu proiektua onartzea eta horretan eragiten saiatzea".

Gobernuari eusten dioten taldeen arteko desadostasuna "argia eta zabala" dela gaineratu du Ezkerrak: "Nafarroako Gobernuak AHTaren inguruan Madrilekin ituna sinatzeko erabakia alde bakarrez hartuko balu, ez luke Ezkerraren botorik izanen".

EH Bilduk gaur arratsaldean eginen du agerraldia, AHTaren inguruko azken berrien balorazioa egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.