Euskal Y-ak Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hiriburuetara izan beharreko sarbideaz bilera dute arratsaldean Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikarako sailburuak eta Gorka Urtaran, Eneko Goia eta Juan Maria Aburto Gasteiz, Donostia eta Bilboko alkateek. Bilera horren harira, protesta egin du AHT Gelditu plataformak Bilbon.
"AHTa hiriburuen arteko garraioak egiteko bakarrik dago diseinatua, herri eta herrixkak baztertuz", adierazi du, eta auzitan jarri tren hori egokia ote den hiriburuak lotzeko: "Dauden bidaien artean kopuru oso txiki bat da hirien artekoa, gehienak eskualde barnekoak dira. Gainera, hirien arteko garraio beharrizanak bermatuta daude bai garraiobide aldetik baita azpiegitura aldetik".
Plataformak azaldu du hiru hirien arteko bidaietan AHTak, autobusak eta autoak bidaia-denbora berdintsuak dituztela: "AHTak distantzia luzeetan txikitzen du bidaia-denbora, baina momentuz eta 2030 urtera arte gutxienez, Euskal Y-ak ez dauka loturarik inguruko trenbide-sareetara".
EH Bildu ere kritiko azaldu da proiektuarekin. Dani Maeztu legebiltzarkideak eskatu du "lan faraoniko" hori gelditzeko eta herritarrei galdetzeko zeintzuk diren garraio beharrak, "bitartean milioi horiek beste behar batzuetara bideratuz".