AHTko lanak geldituz gero, EAJk ez ditu onartuko Zapateroren kontuak

Espainiako Gobernuak erantzun dio lanak ez direla atzeratuko eta haren lehentasuna izaten jarraitzen duela

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Hurrengo urteko Espainiako Gobernuaren aurrekontuetan abiadura handiko trena (AHT) egiteko dirua %38 gutxiago izango dela jakin eta biharamunean, EAJk hauxe ohartarazi dio Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuari: «Etenaldia orokortzen eta nagusitzen bada, EAJk ez ditu babestuko aurrekontuak».

Hala adierazi zuen atzo Josu Erkorekak, EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak, irrati bati eskainitako elkarrizketan.

AHTaren dirua murriztu nahi badu, azalpenak eman beharko lituzke Zapateroren gobernuak, EAJren irudiko.

Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak herenegun adierazi zuen hurrengo urtean aurten baino 83 milioi euro gutxiago bideratuko dutela Euskal Y-a egitera. «Hori ezin da horrela izan, eta azalpenak eskatuko dizkiogu gobernuari argitu dezan zer esan nahi duen murrizketa horrek, zer egin nahi duten horrekin, eta zer gertatuko den obrekin eta ea eutsiko dioten orain arteko erritmoari 2011n», adierazi zuen Erkorekak. Horren haritik, EAJren apustua da obrak krisiaren aurretik zuen erritmoa izatea, eta horren alde arituko dela ziurtatu du.

«Ez da atzeratuko»

Euskal Y-aren lanek ez dutela inolako atzerapenik izango ziurtatu zuen Gaspar Zarrias Espainiako Gobernuaren Lurralde Kooperazioko estatu idazkariak. Hala, Zarriasek azaldu duenez, hurrengo urteko aurrekontuetan dagoen murrizketa egin beharko ez diren lurren desjabetzeei dagokio nagusiki. Alegia, aurten desjabetze asko egin behar izan dituztenez, eta horiek diru asko hartu dutenez, aurrekontu handia izan dute lanek, eta hurrengo urtean ez dute hainbestekoa beharko.

Zarriasen iritziz, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren elkarlanaren ondorioz, «bueltarik gabeko bultzada» eman diote AHTko lanari, eta ziurtatu du Madrilek azpiegituraren aldeko konpromisoari eusten diola. «Funtsezko azpiegitura da Espainiako Gobernuarentzat, eta ziurta diezaiekegu euskal herritarrei eta EAJri ez dela inolako atzerapenik izango».

Horiek horrela, Zarriasek uste du ez dela inolako arrazoirik izango EAJk 2011ko aurrekontuak ez babesteko. Horren haritik, ohartarazi du aurrekonturik ez izatea «larria» litzatekeela Espainiaren «sinesgarritasunarentzat». Hala,akordioa egingo delako ziur azaldu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.