Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanbladak adierazpen bat kaleratu du Trenbide Sozialaren Aldeko Sarea kritikatuz, «konfiantzarekin eta modu baikorrean». Asanbladaren esanetan, ez du bat egiten «AHTren oposizioan egindako lana nahastera daraman ekimen horrekin». Beren iritziz, «jarrera kritikoagoa» behar da AHTren kontra.
AHTren Aurkako Asanbladak uste du Trenbide Sozialaren Aldeko Sareak «sakoneko aldaketa» sortu nahi duela AHTren kontrako herri mugimenduan, «bai helburuetan, bai ikuspegian»: «AHTren aurkako jarrera garapenaren kritika zabaltzeko eta gaur egungo gizarte eta ekonomia eredua errotik aldatu beharra agerian uzteko egin diren ahaleginak desitxuratzea dakar».AHTren auzia gizarte ereduaren eztabaidatik bereiztea leporatu dio Asanbladak Sareari: «Trenbide Sozialaren Aldeko Sareak elkarrizketa instituzionalean oinarrituriko estrategia proposatzen du, trenbide eredua-ri buruzko negoziazioaren bidetik. Ondorioz AHTri egiten dion kritika partziala da oso, eta bere eztabaida trenbide eredua-ri atxikia da soilik». Horrez gain, garraioaren hazkundea ere ez dutela jartzen gehitu du Asanbladak.Asanbladak AHTren kontrako «gizartearen borrokaren autonomiari eustea» proposatu du: «AHTren kontrako proiektu hori gelditzeko oposizioak lurraren defentsan eta garapenaren eta inposaketaren arbuioan errotzen baitu bere ekintza».
Manifestazioa larunbatean, Bilbon
Trenbide Sozialaren Aldeko Sareak manifestaziora deitu du larunbat honetan Bilbon, trenbide sareari buruzko eztabaida exijitzeko eta AHTren kontra protesta egiteko. Manifestazioa 18:30ean abiatuko da Jesusen Bihotzetik. Manifestazioarekin bat egin dute, besteak beste, Batasunak, Ezker Batua-Berdeek, Aralarrek, Zutikek, ELAk, LABek, EHNEk, Hiruk, CGTk, ESK-k, EILASek, Lurra Deialdiak, Ekologistak Martxanek eta Eguzkik.
AHTren Aurkako Asanbladak kritikatu egin du Tren Sozialaren Aldeko Sarea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu