Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanbladak, AHTrik ez! Auto-organizazioa! lelopean, itxialdia antolatu du Urbinan (Araba), hilaren 19 eta 20rako. Ekimenaren helburua «proiektu desarrollista» horren kontrako herri mugimenduari bultzada ematea da, auto-organizazioa oinarritzat hartuta. Asanbladaren esanetan, ingurumenari «eraso latza» eragiteaz gain, gizarte eredu jakin bat «inposatuko» du proiektu horrek.
Itxialdia larunbatean, ekainaren 19an, 13:00etan hasiko da Urbinako bolatokian, eta igandean amaituko da, ordu berean. Bertan, eztabaida taldeak izango dira, AHTren aurkako ekintzak nola hedatu eztabaidatzeko: informazioa, ekintza zuzena eta mugimendu asanblearioa bultzatzeko bideak izango dira eztabaidagai. Itxialdiaren ostean, kontzentrazioa egingo da, eta, gero, herri bazkaria.Urbinara joateko autobusak antolatu dituzte larunbatean hainbat hiriburu eta herritan: Gasteizen, 12:30ean, 16:30ean eta 20:00etan; Durangon, 09:15ean eta 18:15ean; Bilbon, 09:00etan eta 16:30ean; Zumarragan, 12:00etan, eta Arrasaten, 12:30ean.
Hausnarketa herri borrokaz
Itxialdian AHTren Aurkako Asanbladak herri mugimenduaz eztabaidatu nahi du: «AHTren aurkako borroka daramaten herri taldeek desarrollismoa zalantzan jarri eta gaur egungo gizarte eta ekonomia eredua sakonki eraldatzeko premia aldarrikatu dute». AHTren proiektua geldiaraztea bezain garrantzitsua irizten dio Asanbladak «horren atzean dagoen gizarte eredua» zalantzan jartzea, neoliberaslismoaren eta globalizazioaren eskemetan oinarrituta «natura mugarik gabe ustiatu» nahi duelako. Hori dela eta, kritika zorrotza egin dio Euskal Herrirako tren sozial baten alde goiburuarekin ELA, LAB, EHNE eta HIRU sindikatuen deiari jarraiki plazaratu berri den ekimenari. Asanbladaren iritziz, ekimen horrek gizarte eredua eztabaidan jartzeko planteatu diren aldarrikapenak eta helburuak murriztea dakar.
Halaber, «gogor» salatu dute EB-IUk AHTren aferan darabilen «kameleonismo politikoa». U proiektua «sarkasmo hutsa» eta «fartsa guztiz justifikaezina» dela dio Asanbladak.
AZPIEGITURAK. ABIADURA HANDIKO TRENA
AHTren aurkako itxialdia izango da Urbinan, hilaren 19an eta 20an
Helburua herri mugimenduari bultzada ematea dela esan du Asanbladak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu