www.goierrikohitza.info
Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkariak eta Legorretako zein Itsasondoko alkateek gaur goizean sinatu behar zituzten AHTren proiektuak eragingo dituen desjabetzen aktak; bi herrietan bertan behera geratu dira akta altxamendu ekitaldiak, "sinadura ekitaldiak egiteko baldintzak ez zirelako betetzen". 09:30ean zuten hitzordua Legorretako udaletxean, baina ordurako ehundik gora lagun bildu dira AHTren kontra protesta egiteko. Beste hogei lagun Legorretako udaletxeko eskaileretan lotu dira. Azkenean, bertan behera geratu da akta sinatze ekitaldia.
Udaletxera ez da Espainiako Gobernuaren ordezkaririk azaldu. Kanpoan AHT gelditzeko eskatuz bilkura egiten hasi dira, pankarta bat zabalduta. Ertzaintzak hiru lagun identifikatu eta bilkura desegiteko agindu dute.
Itsasondon, berriz, 10:30ean zuten hitzordua, baina han ere protesta jendetsuak izan dira, eta sinadura ekitaldia atzeratu egin dute.
Itsasondon alkatea zain egon da, baina "baldintzak ez betetzeagatik" bertan behera utzi dute Espainiako Gobernuaren ordezkariek saioa. Ordubete inguru zain egon ondoren, Sustapen Ministerioko fax ofiziala jaso dute, aktak sinatzeko ekitaldian bertan behera gelditu dela jakinaraziz.
Han ere plazan AHTren kontra manifestariak bildu dira. EHNE sindikatuak bat egin du. Bi pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak Itsasondon.
Larunbat honetan Elorrion (Bizkaia), 20:00etan, manifestazioa egingo dute, gaur zortzirako baitute data jarrita akten desjabetzea egiteko.
Azpiegiturak
AHTren desjabetzen aktak sinatzeko ekitaldiak bertan behera geratu dira Legorretan eta Itsasondon
Ekitaldiak egiteko "baldintzarik ez zela betetzen" azaldu dute Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioko arduradunek. Hainbat lagunek Abiadura Handiko Trenaren kontrako protesta egin dute. Elorrion gaur zortzi egin nahi dute akten desjabetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu