"Oso itxura bitxia izan zuen Donostiak igande arratsaldean pertsona batzuek trafikoa moztu genuenean Abiadura Handiko Trenak eta honek dakarren gizarte eredua salatzeko. Ez zaigu iruditzen bizitzak normaltasun osoz jarraitu dezakenik batere normalak ez diren lanak abian jarri dituztenean hainbat euskal herrietan", azaldu dute joan den igandean Euskal Y proiektuaren aurka protestatzeko Donostian trafikoa eten zuzten ekintzaileek. "AHTk ekarriko lituzkeen kalteen eta bizimodu eraldaketaren larritasunaz jabetzeko aukera eman nahi izan genuen ekintza honen bitartez",azpimarratu dute.
Aste guztian Zaldibian (Gipuzkoa) AHTren kontrako kanpaldia egin eta gero, azpiegitura horren kontrako manifestazioa egin zen joan den igande arratsaldean Donostian. Ekitaldi hori egiten ari zirela, sei lagunek porlanez betetako bidoietara kateatu zituzten beren buruak Askatasunaren etorbideak eta Urbieta kaleak bat egiten duten parean, trafikoa oztopatuz. Ia hiru orduz eten zuten trafikoa, eta nahasmen handia eragin zuten. Horrez gain, beste ekintzaile batzuk AHTren kontrako pankartak zabaldu zituzten Donostiako hiri garraioko autobusetan, eta beste leku batzuetan. Ertzaintzak protesta horietan parte hartu zuten 12 lagun atxilotu zituen, eta "desordena publikoa" eragitea egotzi diete.
Nolanahi ere, ekintzaile horiek gustura agertu dira gaur igandeko ekintza horiekin, helburuak bete zituztela iritzita. "AHTak dakarren energia eta diru xahutzea, baliabideen agortzearekin lotuta dagoen krisi orokor batean gauden honetan ere erokeria da argiki. Honek guztiak zer pentsa eman beharko liguke, eta hori izan zen hain zuzen asmoa igandean Donostian hormigoizko bidoietara kateatutako sei lagunek hiru ordu luzez trafikoa moztu zutenean", azpimarratu dute gaur Zaldibian egin duten agerraldian.
Azpiegiturak
"AHTren kalteez jabetzeko" gogoeta eragin nahi izan zuten igandean Donostian trafiko arazoak eragin zituzten ekintzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu