Azpiegiturak

AHTren kontrako manifestazio nazionala egingo dute larunbatean Donostian

17:30ean hasiko da, Bulebarrean, AHT Gelditu! Elkarlana taldeak deituta. Orduan bukatuko da Gelditour ekimena.

2008ko maiatzaren 27a
13:35
Entzun
AHT Gelditu! Elkarlana taldeak Abiadura Handiko Trenaren kontrako manifestazio nazionala antolatu du larunbat honetarako, "herritarrek egitasmoa gelditzeko eta eztabaida sozial sakona zabaltzeko". Donostian egingo dute mobilizazioa, AHT gelditu! Inposaketa gutxiago eta herri eztabaida gehiago lelopean. 17:30etik. Bulebarrean hasiko da.

Egun osoan AHTren aurkako jaialdia egingo dute: goizetik arratsaldera bitarte Gelditour ekimen informatiboa, hitzaldia, herri kirolak, bertso saioa, Txan magoaren ikuskizuna, herri bazkaria eta kale animazioa egingo dituzte Donostian, eta gauez kontzertua izango da Usurbilen (Gipuzkoa). DVDa salgai jarriko dute orduan; Zer ari zaizkigu ezkutatzen izenburupean, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez 40 minutuz hainbat pertsonari egindako elkarrizketak jasotzen ditu lanak.

AHT Gelditu! Elkarlanak-en ustez, "gehiengo sozialak eta sindikalak behin eta berriz adierazi du AHTren aurka dagoela, egitasmo horrek dituen ondorio ekologiko, ekonomiko eta sozial larriengatik, baita informaziorik eta herritarren parte-hartzerik gabe garatu den proiektua delako".

Maiatzaren 4tik tren egitasmoak kaltetuko lituzkeen herri eta eskualde guztiak zeharkatu ditu Gelditour ekimenak. Datozen egunetan Lapurdira joko eta Uztaritzen eta Mugerren ekintza informatiboak egingo dituzte. Donostian bukatuko dute larunbatean Gelditour.

Taldeak "gogor" salatu du Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak duela urte eta erdi Lukun (Araba) AHT eraikitzeko hasitako lanak Urbinara (Araba) eta Goierrira (Gipuzkoa) hedatu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.