Legutiano (Araba) eta Durango (Bizkaia) arteko AHTren zatia enkantean aterako dute aurki. Izan ere, Espainiako Ministroen Batzordeak baimena eman dio Sustapen Ministerioari enkantea egiteko, eta 354 milioi eurotan eman nahi dituzte lanak. Legutiano eta Durango arteko ibilbidea lau zatitan banatuta dago. Legutianotik Eskoriatzara bi zati daude, Arrasatetik Elorriora hirugarrena, eta Abadiñotik Durangora laugarren zatia.
Abiadura Handiko Trenaren egitasmoan Espainiako Sustapen Ministerioak bere gain hartu ditu Gasteiz-Arrasate-Bergara eta Arrasate-Bergara-Bilbo zatiak, eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, Gipuzkoako zatia. Bestetik, erabakitzeke dago oraindik Euskal Y-a eta Nafarroako AHT non lotuko diren, baina Nafarroako Gobernuak begi onez ikusten du Eusko Jaurlaritzak proposaturiko Ezkio-Itsasoko lotura (Gipuzkoa). Hortaz, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko lotura Aralar eta Aizkorri arteko bidetik egitea hobesten da. Iruñetik Irurtzunera, eta hortik, Sakanan zehar, Altsasu ingururaino eraman nahi dute, beraz, AHT.
Espainiako Gobernuak iragan apirilean eman zuen ArabanAHTren obrak egiteko lehenbiziko zatia, alegia Arratzu-Ubarrundia eta Legutiano artekoa. Obra horren aurrekontua 43,8 miloi eurokoa da. Tecsa eta Altuna y Uria enpresek egingo dute, baina oraindik okupatuko dituzten lurren desjabetzeak egin gabe daude.
Antza, Espainiako Sustapen Ministerioak arazo eta traba ugari ditu desjabetzeak gauzatzeko, herritarrek ez baitute amore eman nahi. Hala adierazi zuen iragan astean Urbinako alkate Josu Ormaetxeak. Halaber, herrian uztailan egindako herri kontsultan AHTren kontra jazotako emaitza errespetatzeko eskaera berretsi zuen Ormaetxeak.
MANIFESTAZIOA ETA BATZARRA. Urbinako herri kontsulta hizpide izan zuen atzo AHT Gelditu! Elkarlanak, eta inposizioaren aurka herriaren borondatea eta legitimitateari eutsi behar zaiola azaldu zuen Elkarlanak. Ildo horretan, gainera, urriaren 7an Legutianon manifestazioa antolatu dutela iragarri zuten. «Euskal Y-aren egitasmoa gelditzea galdegiteko, eta gizartean desadostasun ikaragarria sortzen duen makroproiektu horri buruz jendartean informazioa, eztabaida eta erabaki prozesu parte hartzaile bat abian jarri behar dela aldarrikatzeko».
Manifestazioa 17:30ean abiatuko da herriko plazatik. Gainera, 10:00etan batzar orokorra antolatu dute herriko Kultur Etxean, mobilizazio dinamika berriak aztertu eta bultzatzeko.
AHTren Legutiano eta Durango arteko zatia enkantean aterako dute aurki
Obrak gelditzeko, manifestaziora deitu du AHT Gelditu Elkarlanak urriaren 7an, Legutianon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu