Zati sakabanatuak
PSOEren ustez, «zentzugabea» da PPko gobernuak proiektuarekin hasitako bidea, eta baliteke obrak ez hastea urte honen amaieran, Sustapen Ministerioko lehengo buruek iragarri bezala. Joan den otsailaren 13an egin zuen iragarpen hori PPk, AHTren zortzi zatiren lanak esleitzea onartu zuenean. Araban zeuden zati horietako bi, eta hiruna Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 46kilometro osatzen dituzte bide zatiok, eta 814 milioi euroko aurrekontua dute.
Otsailaren 27an, zortzi trenbide zatien proiektua eta lanak egiteko hiru kontratu esleitzea onartu zuen Espainiako Sustapen Ministerioaren GIF erakundeak, eta apirilaren 20an, PSOEk agintea hartu ostean, ministerio berak esleipenak bertan behera utzi zituen, «interes orokorragatik». Magdalena Alvarez oraingo Sustapen ministroaren ustez, gainera, PPk esleitutako zatiak banaka eta elkarren artean lotu gabe egiteak zentzurik ez du, El Correo-ren arabera betiere.Alvaro Amann EAEko Garraio eta Herri Lan sailburuak «mezu espekulatzaile soiltzat» jo zituen informazio horiek guztiak, eta, nabarmendu zuenez, Espainiako Sustapen Ministerioa aurreko gobernuak landutako Azpiegitura Plana aztertzen ari da, besterik gabe, eta AHTren lanak aurten bertan hasteko moduan daude. Sailburuaren ustez, «borondate politikoa» bakarrik behar da lanak hasteko.
Atzeratzearen aurka
Alvaro Amann sailburuaren esanetan, obrak esleitzeko prozesuan ez da irregulartasunik egon, «Eusko Jaurlaritza ez dago atzerapenerako aitzakia bakar bat ere onartzeko prest», eta hil honen 30ean bertan hainbat zatiri buruzko ikerketak helaraziko dizkio Sustapen Ministerioari.
Antzeko adierazpenak egin zituen Europako Garraio eta Energia komisario Loyola de Palaciok, eta Sustapen ministroak «hainbat zehaztapen egiteko tartea» hartu duela iradoki. PSOEk egin asmo duena PPk abian jarritako azpiegitura proiektuen «birprogramazio orokorra» bada, baina, Europako Batasuneko diru laguntzak galtzeko «arriskua» dagoela nabarmendu zuen komisarioak, baldintza jakin batzuekin eman direlako laguntza horiek, eta, baldintzak bete ezean, gal daitezkeelako.Gipuzkoako Diputazioak, azkenik, Euskal Y-arena «gehiago atzeratu ezin den proiektua» dela azpimarratu zuen.
-
erreakzioak
JOSU ORTUONDO (EAJ)
«Lehiaketa aurten egin behar da, Europako Batasuneko finantzaketa galdu nahi ez badugu»
«PSOEk Euskal Y-aren obrak esleitzeko PPk abian jarri zuen lehiaketa geldiarazi nahi badu, horretarako arrazoiak dituelako, egin dezala», esan zuen atzo Josu Ortuondok. Baina lehiaketa aurten egiteko eskatu zion: «Aurten egitea ezinbestekoa da, Europako Batasuneko finantzaketa eta Espainiako Gobernuak aurreikusitako aurrekontua galdu nahi ez baditugu».
PATXI LOPEZ (PSE-EE)
«'Euskal Y'-a ezinbestekoa da EAEren garapenerako»
PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek hurrengo egunetan Espainiako Sustapen ministro Magdalena Alvarezekin bilduko dela iragarri zuen atzo. «Proiektua zertan dagoen jakin nahi dugu. Izan ere, EAEren garapenerako ezinbesteko azpiegitura delako». Obrak esleitzeko plana zehazteko eskatuko dio Lopezek, eta plan hori administrazioekin, batez ere Eusko Jaurlaritzarekin, hitzartu behar dela.
CARLOS ITURGAITZ (PP)
«PSOEk programa propiorik ez duenez, PPko gobernuak eraikitako guztia suntsitu nahi du»
EAEko PPko presidente Carlos Iturgaitzen esanetan, PSOEk aurreko gobernuak esleitu zituen Euskal Y-aren zortzi zati geldiarazi ditu, «mendeku politikoarengatik». «PSOEk programa propiorik ez duenez, PPko gobernuak eraikitako guztia suntsitu nahi du. EAEren eta Espainiaren garapena geldiarazteko prest dago, aurreko gobernuak abiarazitako politiketatik bereizteagatik», gaineratu zuen.
ANDER GUTIERREZ (EB-IU)
«Euskadiko garraio beharren inguruko eztabaida irekitzeko balio behar du»
EB-IUko Ander Gutierrezentzat, «albiste ona» da Espainiako Sustapen Ministerioak esleipenak gelditu izana. «Honek Euskadiko garraio beharren inguruko eztabaida irekitzeko balio behar du». Bestetik, Eusko Jaurlaritzak tren berria merkantzia astunak garraiatzeko egokitzea «ontzat» jo zuen.