EH Bildu koalizioak adierazi du euskal Y-aren obrak geratzeko eskatuko duela, baita orain arte obretan egin diren inbertsioak ikuskatzeko. Horrez gain, euskal tren sarearen eredua "birpentsatzeko" batzorde txostengile baten sorrera proposatuko du legebiltzarrean.
Mikel Otero legebiltzarkideak aurkeztu du udaletara, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietara, Eusko Legebiltzarrera, Espainiako Kongresura eta Europako Parlamentura eraman nahi duten mozioa. Elorrio, Atxondo (Bizkaia), Asparrena (Araba) eta Antzuolako (Gipuzkoa) alkateekin batera egin du, Gasteizen. Mozioarekin, "tren sozial baten" aldeko apustua egin nahi du koalizioak. Izan ere, AHTak herri txikiei inolako zerbitzurik emango ez diela salatu dute. Bai, ordea, "kalte konponezinak" ingurumenean.
Lanak geratzeko eskatuko du koalizioak, eta kanpoko ikuskaritza bat egitea. Era berean, "aditu guztiak" entzungo dituen batzorde txostengile bat eratzeko eskatuko du Eusko Legebiltzarrean, "birpentsatu eta eraikuntza horren etorkizuna baloratzeko".
Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiaren aurreikuspenak ere kritikatu ditu Oterok. Tapiaren arabera, euskal Y-ak zortzi milioi bidaiari izango lituzke urtero. EH Bilduko kidearen ustez, berriz, zifra hori "manipulazio baldar bat" besterik ez da. Izan ere, Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak 2015ean eginiko kalkuluen arabera, euskal Y-ak 2,65 milioi bidaiari izango lituzke urtean.