Osasuna

"Ahulenen" arreta soziosanitarioan koordinatzen hasiko dira erakunde publikoak

Historial soziosanitarioa partekatuko dute udalek, diputazioek eta Jaurlaritzak. Lehen arretako koordinazio taldeak ere sortuko dituzte.

mikel p ansa
2014ko ekainaren 9a
19:21
Entzun

Buruko gaitzak dituzten herritarrak, mendekotasunak dituztenak, elbarritasunak dituztenak, baztertuak edo baztertze arriskuan daudenak eta gaixotasun ezohikoak dituztenak. Pertsona horiei arreta soziosanitario osoa bermatzeko elkarlanean hasiko dira Eusko Jaurlaritza, diputazioak eta Eudel.

Euskadiko arreta soziosanitarioaren ildo estrategikoak dokumentuak aurkeztu dute, gaur goizean, Gasteizen, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburuak, Marta Alaña Arabako Gizarte Zerbitzuen diputatuak, Pilar Ardantza Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatuak, Txelo Perez Gipuzkaoko Ezinduen eta Desgaituen Laguntzarako zuzendariak eta Ibone Bengoetxea Eudel Euskal Udalerrien Elkarteko lehendakariak.

Arreta soziosanitarioaren erdian pertsona jartzea da planaren "ardatz nagusia". Osasunerako eta gizarte laguntzetarako zerbitzuak uztartuta eta koordinatuta ematea beharrezko da horretarako, eragileen esanetan. "Osasuna politika guztien zati baita".

Kontuan izanik arlo horietako eskumenak udalen, diputazioen eta Jaurlaritzaren artean banatuta daudela, pertsonen beharrei erantzuteko ezinbestekoa da elkarlana. Horretan hasiko dira, "koordinatzeko printzipioan" oinarrituta.

"Erakundeek arreta soziosanitarioa pertsonen benetako beharretara egokitzeko beharrezkoak diren alderdi guztiei helduko diete", nabarmendu dute.

Lehen arretarako talde berriak

Besteak beste, laguntza behar duten pertsonen historial soziosanitarioa partekatzen hasiko dira erakunde publikoak. Lehen arreta soziosanitarioko taldeak ere sortuko dituzte; udaletako gizarte langileek eta osasuneko lehen arretako taldeek osatuko dituzte taldeok.

Zerbitzu soziosanitarioen poltsa bat ere sortu nahi dute, eta horren barruan baliabideen finantzaketa ere sartuko dela iragarri dute. Ikerketa eta berrikuntza soziosanitarioan ere urratsak egingo dituztela jakinarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.