Bilboko Epaitegiak Euskal Herriko Unibertsitateko bi irakasle epaituko ditu gaurtik asteazkenera, EHUn matrikulatuta zeuden bi ikasle deportaturen irakasle gisa zegozkien lanak egiteagatik. Fiskaltzak prebarikatu izana leporatzen die biei, eta zortzi urteko inhabilitazioa ezartzeko eskatu du. EHUk babes osoa eman die bi irakasleei. Albistea ezagutu zenean, EHUren Gobernu Kontseiluak sostengua adierazi zien akusatuei, eta biek irakasle gisa zegokien "lan egokia" egin zutela ohartarazi zuen. Epaiketaren bezperan, EHUko 1.032 irakasle eta ikertzailek adierazi diete elkartasuna: "Gutariko edonor egoera berean egon zitekeen irakasle gisa dagozkigun betebeharrak egiteagatik".
Epaiketa hasi baino lehen, dozenaka irakasle batu dira, bi auzipetuei elkartasuna adierazteko. EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak eta errektore ohi Juan Ignacio Perez Iglesiasek adierazpenak egin dituzte; ohartarazi dute bi irakasleen eguneroko lana epaituko dutela, eta auzia bidegabetzat jo dute. Haien arabera, haien lana egiteagatik epaitzen ari dira Aierdi eta Antolin eta, beraz, beste edozein irakasle auzipetuen artean egon zitekeela kritikatu dute.
Epaiketan, Antolinek eta Aierdik esan dute haiek soilik "tutore lanak" egin zituztela, baina ez zutela bi ikasleen matrikulazioaz arduratu. Gainera, ohartarazi dute EHU "jakinaren gainean" zegoela.
Akusatuen mila lankidek baino gehiagok sinatu duten adierazpenak dio irakasleek behar bezala jokatu zutela fiskalak zein akusazio partikularrak auzibidea abiatzeko oinarritzat duten eginbideetan; 1992-1993ko eta 2001-2002ko ikasturteetan bi deportatuen irakasle gisa aritu zirenean euren lana besterik ez zutela egin.
Antolin dekanordea zen orduan, eta Aierdi, tutorea. Bi deportatuak EHUn matrikulatuta zeuden, Egoera Bereziko Ikasleen Sistema jarraituta. Hortaz, ikasleen tutoretzan aritzea euren betebeharra zela diote EHUko lankideek: "Ikasleak matrikulatu ondoren, gure eginbeharra da dagozkigun betebehar guztiak egitea", azaldu dute irakasle eta ikertzaileek. Bi akusatuekiko elkartasuna plazaratzeko adierazpena sinatu dutenen artean hauek daude, besteak beste: Iñaki Goirizelaia errektorea, Juan Ignazio Perez errektore ohia, Pedro Miguel Etxenike ikerlaria eta Laura Mintegi irakasle eta legebiltzarkidea.