Aieteko Adierazpena hizpide izango dute bihar goizean Bruselan, Europako Parlamentuan. Euskal Herriko bake prozesuari buruzko konferentzia bat antolatu dute, Aieteko Konferentzia. Euskal Herriko bakerako bide-orri bat? izenburupean. Jonathan Powell adierazpenaren sinatzaileetako batek hitz egingo du, besteak beste. 09:00etatik 11:00etara izango da hitzaldia, eta Internet bidez eskainiko dute.
Hitzaldiaren helburu nagusia "bake prozesurako nazioarteko babesa" bilatzen jarraitzea da. Parlamentuko Friendshipek eta Europako 30etik gora alderdi biltzen dituen ALE Europako Aliantza Libreak antolatu dute konferentzia.
Horiekin batera, egitasmoa babestu dute Europako Parlamentuko ALEko, Berdeetako, Alderdi Liberaleko eta Europako Ezker Batuko 27 parlamentarik. Friendshipen arabera, Europako Batasunak eta Europako gainontzeko instituzioek "eginkizun garrantzitsua" dute euskal auzian.
Donostiako Nazioarteko Konferentzia iazko urriaren 17an izan zen, eta orduan aurkeztu zuten adierazpen hori Kofi Annan (Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia), Gro Harlem Brundtland (Norvegiako lehen ministro ohia), Bertie Ahern (Irlandako lehen ministro ohia), Pierre Joxe (Frantziako Barne ministro ohia), Gerry Adams (Sinn Feineko presidentea) eta Jonathan Powellek (Erresuma Batuko kabineteko buru ohia) (konferentziako argazkiak).