Abertzaleen Batasunak, Eusko Alkartasunak, Batasunak eta Autonomia Eraikik Aieteko Adierazpenari modu positiboan erantzuteko galdegin diote gaur Frantziako Gobernuari. Filipe Bidarte IK-ko preso ohiak eta Xabier Ezkerra iheslarien kolektiboko kideak irakurri dute eskakizuna, euskaraz eta frantsesez. Bidarte bideoz aritu da urruntze agindua duelako.
Horiekin batera ziren gaurko agerraldian hiru alderdietako ordezkariak: ABko Peio Etxeberri-Aintzart, Batasuneko Xabi Larralde eta Eusko Alkartasunako Mattin Etxepare. Donostiako Nazioarteko Konferentzian parte hartu zuten bi ordezkari ere izan dira: Anita Lopepe eta Jakes Bortairu.
Aieteko Adierazpenak Ipar Euskal Herriari ekartzen dizkion aldaketak aipatu dituzte Bidartek eta Ezkerrak, eta euren eskakizunak luzatu dituzte: "Parisek Aieteko adierazpenari baikorki erantzun behar dio, Euskal Herrian sortu den egoera berriari baikorki erantzun behar dio, konponbide prozesuaren alde osoki inplikatuz".
Errepresioari amaiera emateko berehalako neurriak eskatu dizkiote: "Ez dugu gehiago euskal militante bakar bat atxilotua, kartzelaratua edo bere kontrako euroagindu baten gauzatzearen mehatxupen ikusi behar". Euskal presoak Euskal Herriratzeko ere eskatu dute Abertzaleen Batasunak, Eusko Alkartasunak, Batasunak eta Autonomia Eraikik.
Gainera, konponbideak "integrala" izan behar duela esan dute eta "euskal herritarren hitza eta erabakia errespeta ditzala" eskatu diote Parisi, zehatz-metzaz "identitate nazionaleek dituzten eskubideen inguruan dauden nazioarteko itun eta protokolo guztiak" errespetatzeko agindua emanez.