Aieteko Adierazpenari buruzko hitzaldi bat izango da hilaren 29an Europako Parlamentuan, Bruselan, 27 legebiltzarkidek sustatuta. Aieteko Konferentzia. Euskal Herriko bakerako bide-orri bat? izango du izenburu, eta, besteak beste, Jonathan Powell adierazpenaren sinatzaileetakoa mintzatuko da. 09:00etatik 11:00etara bitarte izango da solasaldia.
Izaskun Bilbao (EAJ), Ana Miranda (BNG), Catherine Greze (Berdeak), François Alfonsi (Berdeak) eta Raul Romeva (ICV) europarlamentariek gaur Bruselan esan dutenez, "bake prozesurako nazioarteko babesa" bilatzen jarraitzea da helburua. Hala, Europako erakundeei Euskal Herrian konponbidea lortzeko inplikazioa eskatu diete.
Donostiako Nazioarteko Konferentzia iazko urriaren 17an izan zen, eta orduan aurkeztu zuten adierazpen hori Kofi Annan (Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia), Gro Harlem Brundtland (Norvegiako lehen ministro ohia), Bertie Ahern (Irlandako lehen ministro ohia), Pierre Joxe (Frantziako Barne ministro ohia), Gerry Adams (Sinn Feineko presidentea) eta Jonathan Powellek (Erresuma Batuko kabineteko buru ohia) (konferentziko argazkiak).