Beltranen ustez, nazioartean erabili ohi diren estandarretan oinarritu beharko litzateke "agenda bateratu" hori, eta hainbat puntu jaso beharko lituzke: ETA eta gainerako talde armatuen biktima guztien eskubideak aitortzea, "egia" azaleratzea argitu gabeko atentatuen kasuan, torturatu egin dela onartu eta torturaren biktimei egia eta erreparazioa bermatzea, eta abar.
AIren arabera, "ia mende erdian zabalik gelditu diren zauriak ixten" lagunduko luke agenda hori adosteak eta alderdi politikoek, Euskal Herriko erakundeek eta Espainiako Gobernuak bere egiteak. "Oraingo egoerak horretarako aukera ematen du. Abagune egokia da elkarrizketarako", erantsi du.
Altsasuko gazteen auzia ere hizpide izan du Beltranek. Esan du ezin dela ahaztu "eraso" bat izan zela, horrek "lesioak" eragin zituela eta zauritutako guardia zibilek eta haien bikotekideek "ikerketarako eskubidea" dutela. Baina, era berean, "neurriz kanpoko" iritzi die akusazioei. "Terrorismo delitua hain modu anbiguoan definitzeak 50 urteko kartzela zigorrak ekartzen ahal dizkie atxilotuei, eta 25 urtez kartzelan egon behar izatea", azaldu du.