Espainiako Gobernuak atzera bota zuen joan den astean Eusko Legebiltzarraren Polizia Gehiegikerien Legearen kontrako helegitea. Amnesty Internationalek (AI) balorazio positiboa egin du, "Euskal Herrian izandako torturaren aitorpenean aurrerapausoa" delako. Hori dela eta, estatu mailako lege bat eskatu du tratu txarren biktimen eskubide guztiak bermatzeko. Tortura eta tratu txarrak jasotako biktima guztien eskubideak bermatuko dituen lege bat behar da, Amnesty Internationalen ustez; baita zuzenbiderako sarbidea eta erreparaziorako eskubidea ere, muga geografiko eta denborazkorik gabe. AIk gaineratu du Euskal Herrian izandako torturen biktimak ez dituztela hartzen nazioarteko zuzenbideak agindu gisan.
Espainiako Gobernuak joan den ostiralean bota zuen atzera PPren gobernuak aurkeztutako helegitea, eta Eusko Jaurlaritzak araua aldatzeko konpromisoa hartu zuen. Jaurlaritzak azpimarratu zuen aldaketaren helburua ez dela orain erantzuleak bilatzea, biktimek aitortza jasotzea baizik.
AIk salatu du Espainiako Estatuak ez dituela ikertzen torturen eta tratu txarren biktimak, ez eta ikertzen uzten ere; azaldu du "oztopoak" jartzen besterik ez dela ari. AIri ez zaio ongi iruditu Nafarroan onartutako legea partzialki baliogabetzea . Lege horrek eskuin muturreko taldeek zein langile publikoek eragindako indarkeria politikoaren biktimak erreparatzeko helburua zuen, baina Auzitegi Konstituzionalak adierazi zuen Botere Judizialaren eskumenak hartzen zituela, eta zati batzuk baliogabetu zituen.
Nafarroako legea baliogabetu dutela eta, Nafarroako EAJko presidente eta Geroa Baiko parlamentari Unai Hualdek adierazi du EAEko legean egindako aldaketak aztertuko dituztela Nafarroako legea salbatzeko. Auzitegi Konstituzionalak legearen "zati handi bat" baliogabetu duela esan du Hualdek, eta "formula berriak" bilatu beharko dituztela "polizia indarkeriaren eta eskuineko taldeen biktima izan direnen eskubideak galduak ez geratzeko". Aitortza, babesa eta erreparazioa eskatuko dituztela aurreratu du. Hualdek azaldu du Nafarroako legea eta Eusko Autonomia Erkidegokoa ez zirela berdinak; EAEkoak helegitea atzera botatzea lortu duela, eta Nafarroakoak, berriz, ez.