Tortura Espainiako estatuan: iragana eta oraina. Gaitz horren aurkako babes eraginkorrak izenburupean, Amnesty Internationalek mahai inguru bat antolatu du gaurko, 19:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Virginia Alvarez AI Amnesty Internationaleko ordezkariak, Carlos Hernandez CPDT Tortura Prebenitzeko eta Salatzeko Koordinakundeko kideak, Andres Krakenberger Argituz elkartekoak eta Paco Etxeberria auzi medikuak parte hartuko dute, Mariano Ferrer kazetariak gidatuta.
Amnesty Internationalek Donostian duen egoitzan eginiko prentsaurreko batean aurkeztu du ekitaldia Iñaki Hernando AIko Donostiako koordinatzaileak. NBE Nazio Batuen Erakundearen Torturaren Aurkako Hitzarmenaren 30. urteurrenaren harira, AIk abiatutako Stop Tortura nazioarte mailako kanpainaren barruan kokatu du mahai ingurua. Hernandok salatu du Espainiako Estatua hitzarmen horren sinatzaileetako bat dela, baina bete gabe jarraitzen duela tortura eta tratu txarrak saihesteko nazioarteko erakundeek azken 30 urteetan eginiko gomendio eta aginduak.
"Espainian torturatu egiten da"
Espainiako Estatuak —Polizia ezberdinek eta hainbat alorretako funtzionarioek— torturatu egiten duela nabarmendu du Hernandok, baina zehaztu du “torturaren erabilera” ez dela sistematikoa; “bai orokortua”. “Agintari politikoek dominak banatzen dituzte gaitz hau ezkutatzen saiatzen direnen artean, eta ez dute ezer egiten desager dadin”. Hala, AIko kideak Espainiako Estatuari exijitu dio torturaren gaia “serio” hartzeko eta “behingoz” bere legedia “nazioarteko estandarretara” egokitzeko. Horren harira, gogor salatu du Zigor Kodean eta beste lege batzuetan eginiko azken erreformetan halakorik egin ez izana. Bereziki salagarri jo du atxilotuen inkomunikazio aldia legeditik ez kentzea.
Horrez gain, Hernandok esan du beharrezkoa dela tortura eta tratu txarren salaketa oro ikertzea, kontuak emanarazteko mekanismo independente eta inpartzialak ezartzea, biktima guztiei bermatzeko egia jakiteko eta justizia nahiz ordaina jasotzeko eskubidea, eta legea betearazteaz arduratzen diren funtzionarioei prestakuntza egokia ematea.