Aimar Hidalgo Lertxundi euskal preso politikoa gaur irten da Herrera de la Manchako espetxetik (Ciudad Real, Espainia). Senide eta lagunak izan ditu kartzelako atean zain, eta elkarrekin topa egin dute aske dagoela ospatzeko.
2000. urtean autobus bat erretzea leporatuta, zazpi urte, sei hilabete eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zioten 2007an, Orkatz Gallastegi eta Gaizka Gañanekin batera. 2004ko urrian atxilotu zuten Hidalgo, eta geroztik hiru aldiz egon da preso, kasu berberagatik: 2004ko urriaren 20tik eta 2005eko uztailaren 19ra bitartean, 6.000 euroko bermea ordaindu arte; 2007ko martxoan aste batez, epaiari errekurtsoa jarri arte; eta, azkenik, 2007ko abenduaren 14an Ertzaintzak atxilotu zuen, kondena bete zezan.