Greba orokorra

Aingeru Zudaireren auzia berriz zabaltzeko eskatu dute senideek

Begi bateko ikusmena galdu zuen Atarrabiako gazteak, 2012ko irailaren 26ko greban poliziek emandako pilotakada baten ondorioz; epaileak kasua itxi du.

Aingeru Zudaireren senideak prentsaurreko agerraldian. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
edurne elizondo
2014ko ekainaren 17a
14:05
Entzun

Erantzuleek duten ardura onar dezatela". Horixe eskatu du Aingeru Zudaireren anaiak, Raul Zudairek. Joan den ostiralean epaileak artxibatu egin zuen kasua. Zudaireren senideek, ordea, berriz zabaltzeko eskatu dute. Helegitea aurkeztu dute. "Ez da istripu bat izan. Agintariena da ardura; murrizketak agindu eta Poliziaren bortizkeriari babesa ematen dioten agintariena". Hurbil-hurbiletik eman zioten pilotakada Zudaireri. Ondorioz, bere eskuineko begiko ikusmena galdu du. Ez hori bakarrik. "Psikologikoki hartu duen kolpea handia izan da", azaldu du gaztearen amak, Martina Borgek. Begia ere galtzeko arriskua duela azaldu du. "Begiari eusten dioten hezurretan ere jaso zuen kolpea".

Datorren astean, ekainaren 26an, elkarretaratzea eginen dute Atarrabian (Nafarroa) Zudaireri elkartasuna agertzeko eta haren auziaren inguruko ikerketak berriz martxan jartzeko eskatzeko. 19:00etan izanen da, udaletxearen aurrean. Herriko etxean, hain zuzen, gaiari buruzko mozioa eztabaidatuko dute egun horretan. Zudaire ez zen Espainiako Poliziaren oldarraldiaren ondorioz kolpeak jaso zituen bakarra. Gaur goizean bi epaiketa izan dira Iruñean, bertze hiru pertsonak aurkeztu salaketen harira. Salaketa horietako bat Sabino Cuadra Amaiur koalizioko diputatuarena da. "Nafarroan defizit demokratikoa dugu; bai eta justiziarena ere. Errepresioa jasaten dute protesta egiten dutenek", salatu du Cuadrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.