Kirol portuetan gero eta maizago ikusten da: aisialdirako itsasontziak, Salgai dioen kartela zintzilik daukatela. Krisia piztu aurretik ezohikoa zen argazki hori; ez, behintzat, gaur egun bezain zabaldua. Baina denborarekin arrunt bihurtu da. “Deigarria da zenbat itsasontzi dauden salgai”. 2000ko hamarkadan, aisialdirako itsasontziak loratu egin ziren, eta orain “bigarren eskukoak ere ez dira saltzen”. Higiezinen sektorearekin batera, aisialdirako itsasontzien sektoreak burbuila paraleloa izan zuen, eta hori bertatik bertara ikusi du Jose Mari Etxebestek, Nauticas Aldats lantegiko arduradunak. Ikusi du, esaterako, 2004. urtetik ontzien matrikulazioak %72 egin duela behera Hego Euskal Herrian, eta krisia piztu zenetik, berriz, %56. Prezioek joera berari eutsi diote, eta duela sei urte zuten balioaren erdia dute gaur egun.
Gainbehera orokorra da, eta horren adierazgarri izan daiteke, esaterako, Bartzelonan urtero egiten den nazioarteko Azoka Nautikoa. Europan egiten diren azoka nagusietan hirugarrena da, eta sektorea hazten ari zen garaian, Montjuic-eko erakustazokako sei pabiloi ere bete zituen. Krisiak, ordea, gogor jo du. Urtero erakusle gutxiago inguratzen ziren —2004an, 530; iaz, 214—, eta 2012an bertan behera geratzeko zorian ere egon zen. Joateari utzi ziotenen artean dago, esaterako, Pasaiako Altair ontziola zena. Hala ere, azokari eutsi dio Bartzelonak, eta gaur egun kirol portuan bertan egiten dute nazioarteko topaketa hori, iraganeko garrantzi hura lausoturik. Sektoreak egun duen egoeraren isla izan daiteke hori.
Aisialdirako itsasontzien sektoreak jaso duen kolpea iraganeko hazkunde handiaren ondorio izan da. Finantza erakundeek kredituak oso erraz ematen zituzten garaia zen, eta horrek itsasontzien salmenten gorakada eragin zuen. Hego Euskal Herrian, itsasontzien flota %15 handitu zen 2000 eta 2005 bitartean. “Benetako zaletasuna daukan jendea beti egon da esparru honetan, baina espekulatzeko edo euren estatusa erakusteko erabili nahi izan dute beste askok, itsasontzi propioa erosiz”. Marina Elkano ontzi saltokiko zuzendari Jon Irigoienek azaldu duenez, krisia hasi zen, eta estatus hutsa nahi zutenak itsasoko aisialditik urruntzen hasi dira. Egungo egoera, beraz, erabat ezberdina da duela hamar urtekoaren aldean. 2008tik itsasontzien flotak behera egin du euskal kostaldean: orduko 7.700etatik egungo 5.800etara.
Litekeena da, gainera, kopuruak beherantz jarraitzea, itsasontzien gero eta jabe gehiagok beren ondasuna saldu nahi dutelako kosta ahala kosta. “Jendeak bere itsasontzia saldu nahi du, mantentze gastuak handiak direlako. Baina ezin dituzte saldu, gero eta jende gutxiagok erosten baititu ontziak egun”, Etxebesteren arabera. Nauticas Aldats-ek, besteak beste, salerosketan dihardu, eta bigarren eskuko ontzien prezioek “hondoa jo” dutela dio. Kasu batzuetan, esaterako, duela sei urteko prezioaren erdira jaitsi da.
Altair aisialdiko itsasontziak konpondu eta salerosten dituen enpresako arduradun Ana Espinosak ere joera hori ikusten du merkatuan: “Baditut bezeroak bere itsasontziari ikuskatze teknikoa egin behar diotenak, eta horren ordez norbaiti saldu nahi diote. Mantentze lana itsasontzia bera baino gehiago kostatzen da zenbait kasutan”. Haren esanetan, orain bigarren eskuko itsasontziek “ez dute batere balio”. Pentsa liteke, beraz, egungo egoera aukera ona dela ontziren bat erosteko, baina zalantza egin du Etxebestek: “Izan liteke, bai, baina itsasontzia izaki bizidun bat da, eta gastu handiak eragiten ditu. Orain arte itsasontzi bat erosi duten askok hori ez dute kontuan hartu, eta jakin beharreko zerbait dela uste dut”. Izan ere, Olaziregi ontzioletako arduradun Lazaro Olaziregiren arabera, duela hamarkada bat piztu zen itsasontzien “sukarra ez zen erreala izan, fikziozkoa baizik”. Ordukoaren ajea da egungo egoera, baina konponduko dela uste du: “Pixkanaka, bere neurrira egokituko da sektorea”.
Ontziolak, gain behera
Bigarren eskuko itsasontzien prezioa beherantz doan honetan, ontzi berriak kinka larrian daude. Apenas egiten diren. “Zertarako egin behar ditugu itsasontzi berriak, merkatuan prezio erdian edo gutxiagoan baldin badago beste bat?”, dio Espinosak. Joan den hamarkadan aisialdirako itsasontziek izan zuten hazkundearen ondorioz, Altairren itsasontziak egiten hasi ziren 2000. urtean, eta zazpi urteko epean 400 itsasontzi inguru egin eta saldu zituzten. “Boladan zegoen sektorea, eta gurean 90 langile ere izan genituen”. Baina krisiarekin batera “salmentek hondoa jo zuten”, eta ontziola itxi egin behar izan zuten. Horregatik utzi zioten Bartzelonako Azoka Nautikora joateari. Orain, sektore berean jarraitzen dute lanean, baina itsasontzi berriak egin beharrean, daudenak konpontzeko zerbitzua eskaintzen dute.
Gainerako ontziolak ere antzera dabiltza. Astilleros Bermeok, esaterako, eskaera zerrenda hutsik dauka, eta konponketak egiten dituzte egun. Esparru horretan, Hondarribiko Olaziregi ontziola izan daiteke salbuespe- netako bat. Ontzi bat egiten ari dira, baina bertako arduraduna ez dago lasai, itsasontzi hori amaitzean ez daukatelako beste eskaerarik. Baina gainerako ontziolek ontziak egiteari utzi dioten arren, eurek aurrera jarraitzen dute: “Ontzi bereziak egiten ditugu guk, eta horrek salbatzen gaitu gaur egun”. Beste ontziolek sailean lan egiten zuten, baina eurek ontzi pertsonalizatuak egiten dituzte: “Espezializazioa izan daiteke bidea”. Horretaz aparte, nazioartera begira ere jarrita daude, hemengo merkatuan “ez delako ia batere saltzen”.
Gainerako ontziolek bezala, Olaziregin konponketa lanak ere egiten dituzte. Baina esparru horretan aldaketa sumatu du Olaziregik: “Badirudi ontzien jabeak eurak saiatzen direla konponketa lanak egiten”. Altairren ere antzera ikusten du egoera Espinosak. “Gero eta ontzi zaharragoak daude euskal portuetan, baina hazkunde hori ez dugu sumatzen lantegietan”. Nautica Aldats lantegian konponketak ere egiten dituzte, baina ontziak ere gordetzen dituzte neguan, eta orain horrek ematen die jatekoa: “Portuetako amarralekuak garestiak dira, eta zenbaitentzat alternatiba ona da ontzia lehorrera ekartzea”.
Itxaron zerrendak, berdin
Aisialdiko itsasontzien burbuila esparru guztietan sumatu da, baina portuetan ez horrenbeste. Hala dio, bederen, Edurne Egañak, Euskadiko Kirol Portuetako zuzendariak (EKP). Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean hemezortzi kirol portu eta 4.750 amarraleku daude, eta horietatik sei portu eta 3.500 plaza kudeatzen ditu EKPk. “Amarraleku gehienak beteta daude, eta 1.000 ontzi daude itxaron zerrendan”. Krisi aurreko egoeran, “gutxi gorabehera”. Egañak, ordea, sumatu du zerrendan dauden pertsona horiei amarralekua eskaintzen zaienean “denbora gehiago” behar izaten dutela erantzuteko, edo “zuzenean ezezkoa” esaten dutela. Marina Elkanoko zuzendari izateaz gain, Zumaiako kirol portukoa ere bada Irigoien, eta azaldu du gero eta itsasontzi gehiago ikusten direla kirol portuetatik kanpo ainguratuta. Edozein modutan, Zumaiako portuan itxaron zerrendarik ez dagoela azpimarratu du.
Zerrenda luzea eduki ala ez, euskal kirol portuetako kudeaketa da arazoa, Pablo Tuduri lehorrean portua duen Lanautika enpresako arduradunaren ustez. “Gaur egun, euskal portuetan ez dago eskaintza interesgarririk”. Amarralekua duen itsasontziak “leku bakar batean egoteko aukera” baino ez duela dio. Beraz, kritika EKPri egin dio, portu nagusiak eduki arren horien artean ez duelako inolako eskaintza berezirik proposatzen: “Nabigatzaile batek amarralekua Donostian ordaintzen baldin badu, zergatik ezin du Getarian doan amarratu? Azken finean, enpresa berari ordaintzen zaio kuota”. Horregatik, portuen arteko akordioak sustatu beharraz mintzo da, “eskaintza aberatsagoa edukitzeko”. Izan ere, haren ustez, aisialdiko itsas sektorearen krisiaren gakoa ez da horrenbeste jendeak ontzirik ez erostea, “probetxurik ez ateratzea” baizik. “Atzerritarrentzat, eta bertakoentzat, turismo sektore erakargarria eduki nahi badugu, esparru hori indartuz hasi behar du”.