Aralarreko legebiltzarkide ohi eta Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako egungo aholkulari Aintzane Ezenarro izango da Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria. Iñigo Urkullu lehendakariak dekretuz izendatu du Ezenarro. Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak nabarmendu du giza eskubideen alorrean Aintzane Ezenarrok duen esperientzia luzea.
36ko gerra, frankismoa, ETAren indarkeria eta legez kanpoko "kontraterrorismoa" izango dira institutoaren lan esparruak. Ezenarro berak esan du biktima guztiak hartuko dituela kontutan, eta gertaturikoari buruzko "gogoeta kolektiboa" egitea izango dela institutoaren xedea. "Memoria behar dugu ikasteko, eta batik bat, etorkizuneko gizarte hobeago bat egiteko", gaineratu du.
Bilbon izango du egoitza, Euskadiko artxibategi historikoan. Institutoa azaroaren 10ean inauguratuko dute, EAEko Memoriaren Egunean.