Miarritzeko (Lapurdi) Errepublika karrikako 20 zenbakiko etxe batera sartu dira, goizean, Alda mugimenduko kideak. Airbnb plataformak legez kanpo alokatzen duela salatu dute, «ez baita behar bezala deklaratua». 27 metro karratuko etxea da, eta 80 euro balio du gauak. Alda mugimendukoek ostiralera arte alokatu dute, inguruetako herritarrak sentsibilizatzeko, eta hautetsiei galdetzeko behar bezalako neurriak har ditzaten.
Ekintza egiten ari da @Alda_EH Miarritzen. AirBnB plataformak legez kanpo alokatzen duen bizitegi batean sartuko dira. @berriapic.twitter.com/IKpTn4JTBg
— Oihana (@oi_tsr) September 21, 2021
Alda mugimenduaren arabera, 5.600 etxe turistiko daude Miarritzen, eta horietarik 3.000 inguru ez dira behar bezala deklaratuak. Izan ere, Airbnb plataformaren webgunean ez da pisuaren erreferentziazko zenbakia agertzen, eta ez dira etxe turistiko gisara deklaratuak. Urte osorako pisu turistikoak, gainera, 1.583 dira Miarritzen: «Tokiko biztanleei urte osorako alokatzeko parada kentzen zaie», salatu dute. Okupatu duten pisuaren kasua «adierazgarria» da: «Luckey izeneko Airbnb-ren zerbitzu batek kudeatzen du osoki alokatze prozesua, atezaindegi gisako baten bidez. Badakite biziki ongi legez kanpo ari direla». Parisen, erraterako, gisa horretako pisuak alokatzeagatik 8 milioi euroko isuna pagatzera kondenatu dute Airbnb enpresa.
Arazoa «geroz eta larriago» bilakatzen ari da, Aldako kideen ustez. Horregatik, tokiko hautetsiei galdegin diete «behar bezalako» neurriak hartzeko, eta legez kanpo alokatzen diren etxe turistikoen kontrako salaketak jartzeko. Bestalde, Euskal Hirigune Elkargoari galdetu diote «konpentsazio mekanismo bat plantan jartzeko». Alegia, turismorako etxe bat alokatzen duen orok urte osorako alokatze bat ere proposatzea. Egoera salatzeko eta, oro har, etxebizitzaren krisari aurre egiteko, manifestazio bat eginen dute datorren azaroaren 20an, Etxebizitza defenda dezagun lelopean, Baionan.