Hego Euskal Herriko herritar gehienek aire kutsatua arnasten dute, Ekologistak Martxan-ek emandako datuen arabera. 2010ean Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako dozenaka estaziotan bildutako datuek erakusten dute herritarren %85ek sustantziaren batek edo bestek eragindako kutsadura pairatzen dutela; hots, bi milioitik gora lagunek.
Airearen kalitatea Espainiako Estatuan 2010ean ikerketa aurkeztu du Ecologistas en Accionek. Eta, bertan, besteak beste, Hegoaldeko lau probintzietako datuak bildu ditu.
Airearen kalitaterik eskasena Bilbo inguruan atzeman dute neurgailuek, ingurune horretan diren industria eta autoen joan-etorri handia direla eta. Gainera, Bilbo inguruan ez ezik, gertuko lurraldeetara ere hedatzen da bertako kutsadura, ikerketaren arabera.
Hego Euskal Herrian aireari gehien kalte egiten dioten substantziak PM10 eta ozonoa dira. PM10 partikulak ibilgailuek eta industriak eragiten dituzte. Besteak beste, karbonoa, metal astunak eta silizio eta aluminioa izaten dituzte. Haien eragina, Bilbo inguruan ez ezik, nabaria da Urola garaian, Oria garaian eta Iruñerrian. Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) onargarritzat jotako kopurutik gora zenbatu zituzten PM10 suspentsio partikulak eskualde horietan.
Troposferako ozonoak eragin handia du Araba eta Nafarroako barnealdean. Esaterako, Erriberan, Arguedasko estazioan, 92 egunetan gainditu zen ozonoaren kutsadura. Funes, Tutera eta Valderejon ere 80 egun baino gehiagotan gainditu zen troposferako ozonoaren kutsadura maila. Ekologistak Martxan-en iritziz, herritarren osasunean kalte handia eragiten du airearen kutsadurak, bereziki PM10, PM2,5 eta NO2 substantziek eta ozonoak eragindakoak. Ekologisten irudiko, egoera «oso larria» da, eta erakundeak ez dira ari behar diren neurriak hartzen egoerari aurre egiteko. Gogorarazi dute Europako Batasunak Espainiaren aurkako prozedura zabaldu duela 2009an airearen kalitatearen inguruko araudia urratzeagatik.
Aire kutsatua arnasten dute Hegoaldeko herritarren %85ek
Ekologistak Martxan-ek dio egoera «larria» dela eta erakundeak ez direla neurriak hartzen ari egoera zuzentzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu