Aita erasotzailea denean

Tratu txarrak jasandako andreen seme-alabak genero indarkeriaren biktima zuzen izendatuko ditu Espainiako Gobernuak. Bisita erregimenen inguruko zalantzak eragin ditu aldaketa horrek.

Maite Asensio Lozano.
2014ko azaroaren 23a
08:47
Entzun

Angela Gonzalez Carreñok 30 salaketa baino gehiago zituen jarrita bikotekide ohiaren kontra, gizonak 7 urteko Andrea alaba hil eta bere buruaz beste egin zuenean. 2003an gertatu zen, tratu txarrengatiko epaiketa hasi berritan, Madrilen. Aurreko hilabeteetan, etengabeak izan ziren gizonaren mehatxuak: «Gehien mintzen zaituen tokian emango dizut». Alabaren eta aitaren arteko topaketak gizarte zerbitzuek zaintzeko eskatua zuen amak, baina epaileak ez zuen onartu, umeek aitekiko harremanetan egon behar dutela argudiatuta. Espainiari zigorra ezarri berri dio NBE Nazio Batuen Erakundeak, ama-alabak ez babesteagatik. Neurriak eskatu ditu: gurasoen zaintza ezartzean, genero indarkeria aurrekariak kontuan hartzeko, andreen zein haurren segurtasuna bermatzeko.

Bigarren mailan geratu izan dira haurrak, tratu txarrak jasan dituzten emakumeen kasuetako esku hartzeetan. «Pertsonarik ahulenetakoak» izan arren, «nahiko ahaztuta» eduki ditu sistemak, Maria Angeles Carmonak onartu duenez. CGPJ Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren barruan, Genero Indarkeriaren Behatokiko presidentea den aldetik, hutsunearen jakitun da, eta adingabeak babestu beharraz ohartarazi du. Erakunde horrek gomendatuta, lege aldaketa gauzatzear da Espainiako Gobernua: genero indarkeria jasan duten emakumeen seme-alabak bortizkeriaren biktima zuzen gisa hartuko dituzte.

«Umeak bide gisa erabiltzen dituzte maiz erasotzaileek, andreei min emateko; haurrei erasotzera ere heltzen dira batzuk», argudiatu du Carmonak. Legea aldatzea, ordea, «akatsa» da, Miguel Lorenteren aburuz. Auzitegi medikua da, PSOErekin Espainiako Gobernuko Genero Indarkeriarako ordezkari izana. Aldaketak kontzeptuak nahastuko dituela eta lan pedagogikoa oztopatuko duela uste du: «Asko kostatu zitzaigun genero indarkeria identifikatzea emakumeen aurka desberdintasunen kultura eraikuntzaren ondorioz egiten den bortizkeria gisara, eta oraindik batzuek auzitan jartzen dute. Egun ere adingabeak biktimatzat ditu legeak, eta haien egoeran esku har daiteke, berariazko baliabideak dituztelako; ez da beste izendapenen beharrik».

Genero indarkeriaren ezaugarrietako bat ekarri du gogora: tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen inguruan hedatzen da. «Beste pertsonei ere bidera dakieke bortizkeria hori, andreari min egiteko asmoz. Seme-alabek ondorioak jasaten dituzte, baina emakumearen gurasoek edo bikotekide berriak ere bai, baina ez ditugu biktima zuzen izendatzen, ez datorrelako bat genero indarkeriaren kontzeptuarekin».

Edonola ere, ukaezina da bortizkeriak haurrengan duen eragina. 2011n Espainiako Berdintasun Ministerioak egindako inkestaren arabera, 18 urtetik beherakoen %10,1ek jasaten dituzte amaren aurkako tratu txarren ondorioak. Haurtzaroan indarkeria giroan bizitzea —kolperik jaso ez arren— arrisku faktore bihurtu da: ikerketa zenbaiten arabera, umeengan depresioa, autoestimu apala edota antsietatea eragin ditzake, baita harremanak eraikitzeko zailtasunak ere. «Indarkeriak indarkeria erabiltzen irakasten du, gatazkak konpontzeko modu gisa. Hori normaltzat badute, arriskua egongo da helduaroan mutilek indarkeria baliatzeko, eta neskek pairatzeko», azaldu du Lorentek.

Aita erasotzaileen eta seme-alaben arteko harremanei buruzko eztabaida piztu du horrek. Eta lege aldaketak zalantzak areagotu ditu: bisita erregimenak ezabatu ezean, kontraesana sor daitekeela ohartarazi dute zenbait juristak, biktima erasotzailearekin egotera derrigortzean. Carmonak azaldu du bisita horiek «mugatu» egingo direla: «Adingabearen egoera aztertu beharko da, beti, eta adituek adierazi beharko dute aitarekin harremanetan egoteak bere garapena oztopatuko duen. Bisita erregimena ez da automatikoa izango; ebazpen bat beharko dute».

Ez dator bat Lorente. Epaitegietan oso hedatuta dagoen ideia bati erreparatu dio: «Batzuek diote tratu txarren emaile bat ez dela zertan aita txarra izan. Ez da hala: emakume bat fisikoki eta psikologikoki birrintzen ari den gizon bat ez da aita ona». Zilegi ikusten du erasotzaileekiko lotura bertan behera uztea: «Bortizkeria egoerak indarrean badirau, umeentzat onena da. Eta zuhurrena: tratu txarra adingabeen bidez edo adingabeengan gertatzen jarraitzea saihestu behar da».

Eztabaidatu beharra dago nola eta zenbat denborarako ezarri behar den muga hori. Lorente: «Kontua ez da tratu txarren emaileek seme-alabak sekula berriro ez ikustea; tratu txarren emaile izaten uzten dutenean ezarriko dira berriro bisitak». Nola neurtu hori, ordea? «Kasuak banaka aztertu behar dira, baina ezin da soilik elementu teknikoetan oinarritu. Irizpide nagusiak indarkeriarik eza izan behar du: egiaztatzea bortxa erabiltzen zuenak ez duela erabiltzen jarraitzen, eta harremanak normal gara daitezkeela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.