Amaiera zoriontsua Aita Mari itsasontziak azken egunotan eduki duen odisearentzat. Mediterraneoko uretan erreskatatu dituzten 176 pertsonak segurtasunez lehorreratu dituzte bart Lampedusa uhartean (Italia).
«Lehorreratu ditugu 176 pertsonak, eta orain bizi bidaia ero honetan jarraituko dute. Espero eta nahi dugu orain arte baino segurtasun eta duintasun handiagoarekin jarraitzea», idatzi dute ontziko arduradunek sare sozialetan.
Bi egunez egon dira itsasoan, portu seguru batera heltzeko baimenaren zain. Azkenean heldu da, Italiako agintariek amore eman dutelako, gaurko bost metroko olatuak daudelako iragarrita.
SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari erreskate ontziak bi erreskate egin zituen joan den ostiralean. Goizean, «egoera larri eta desesperatuan» zeuden 105 pertsona erreskatatu zituen. Adierazi zutenez, erreskatatuen artean hamazazpi emakume, 63 gizon, bederatzi haur eta hamasei adingabe zeuden. Erreskate ontziak «bigarren abisu bat» jaso zuen gero, eta laguntzera abiatu zen. Bigarren erreskate horretan, beste 71 pertsona salbatu zituen, hamasei adingabe tartean.
Beraz, 176 pertsona egon dira ontzian asteburuan, eskifaiaz gain: 116 gizon, hemezortzi emakume eta 42 adingabe.
Joan den asteartean, berriz, Aita Mari-k 280 pertsona zeramatzan txalupa bat erreskatatu zuen Lampedusa uhartetik gertu.