Benedikto XVI.a eliza katolikoko aita santuak datorren astean Bartzelonara egingo duen bidaia dela-eta gay, lesbiana eta homosexualen eskubideen aldekoen artean musukatzera gonbidatzen zuen taldea ezabatu egin du Facebook sare sozialak, sareko "arauak urratzen" dituelakoan. Queer Kissing Flashmob deituriko taldeaz gain, orrialdearen kudeatzaileen profilak ere itxi dituzte. Mila pertsonatik gora ziren ekitaldian parte hartzekoak.
Ez da Facebookek taldea ezabatu duen lehen aldia. Urriaren 18an 1.600 lagun inguruk egin zuten bat ekimen harekin. Marylene Carole Queer Kissing Flashmob orrialdeko kudeatzaileetako batek adierazi duenez, "orria ixten diguten bakoitzean, berri bat irekiko dugu. Ekintza horiek ez gaituzte gogogabetzen, indarra ematen digute".
Aurreko itxiera azalpenik eman gabe egin zuen Facebookek. Oraingoan ekimenak sareko "arauak urratzen" dituela adierazi du. "Gorrotoa bultzatzen duten, edo mehatxugarriak edo lizunak diren orriak onartezinak dira. Norbanako edo talde bati eraso egiten dioten orrialdeak ere ezabatzen ditugu", dio Facebookek.
Dena dela, debekuaren gainetik ekimenak aurrera dirau Interneteko hainbat blog eta gunetan.
Benedikto XVI.a azaroaren 6an eta 7an izango da Bartzelonan, eta homosexualen musukatze ekitaldia 7an egingo dute, hiriburuko katedralaren atarian.
komunikabideak
Aita Santua, homosexualen eskubideen gainetik Facebooken
Benedikto XVI.aren Bartzelonako bisita dela-eta homosexualen eskubideen alde musukatzera gonbidatzen zuen talde bat itxi du sare sozialak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu