Fratzisko I.ak "erabaki irmoa" agertu du Leioako Gaztelueta ikastetxean (Bizkaia) ustez gertatutako sexu abusuen auzia ixteko. Ikastetxeko zuzendaritzak aita santuak bidalitako ohar baten bidez izan du horren berri.
Ikastetxeko zuzendaritzak jakinarazi du Fedearen Irakasbiderako Kongregazioak erabaki hori hartu duela "ikerketa zabal" baten ostean. Ikastetxeak, berriz, adierazi du Vatikanoaren epaiak "berretsi" dituela aurretik eskolak berak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza ikuskaritzak, adingabeen fiskaltzak eta EAEko fiskal nagusiak egindako ikerketen ondorioak.
Ikasle ohiaren abokatuak ez du uste ikerketa bukatu denik. Haren ustez, ez delako ikerketarik egin. Era berean, adierazi du "harrituta" dagoela gaur ezagutu duten berriarekin eta, gaur-gaurkoz, aita santuak idatzitako eskutitza dela eurek Vatikanotik jaso duten gauza bakarra.
Eskolako zuzendaritzak esan du instituzio publikoekin "elkarlanean" arituko dela eta lanean segituko dutela "denenganako ulertzearen alde".
Epaiketa kanonikoa bukatutzat eman badute ere, gaztearen gurasoek hilabete hasieran Getxoko epaitegian (Bizkaia) jarritako kereilak aurrera jarraitzen du. Hori dela eta, Gazteluetako zuzendariak esan du auzitegiek diotena izango dela "egia".