Aitaren abizenak lehentasuna izateari utziko dio

Espainiako Erregistro Zibileko lege proiektuaren arabera, gurasoen egoera zibila ez da zehaztuko

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuan tramiterako onartu du Erregistro Zibilaren Lege proiektua. Horren arabera, aitaren abizenak amarenaren aldean lehentasuna izateari utziko dio. Gurasoek adostu beharko dute umearen abizenen ordena, eta akordioa lortu ezean, alfabetoko ordenaren arabera erabakiko du Erregistro Zibileko arduradunak. 1999tik dute gurasoek haurraren abizenen ordena erabakitzeko eskubidea, baina akordiorik lortu edo zehaztapenik egin ezean, orain arte aitaren abizena lehenesten zuten kasu guztietan.

Erregistro Zibilaren Lege proiektu hori uztailean onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak. Abizenen ordena erabakitzeko irizpide berria 49. artikuluan biltzen du, eta zehazten du ume bat baino gehiago dituzten bikoteek, lehenbizikoari ezarritako abizena ezarri beharko dietela gainerakoei ere.

Berrikuntza gehiago ere baditu lege proiektuak. Alde batetik, genero indarkeriaren biktima direnek abizena aldatzeko aukera izanen dute, Espainiako Justizia Ministerioaren agindu baten bidez. Halaber, erregistroan ez da zehaztuko erregistratutako haurraren gurasoen egoera zibila. Gainera, familia liburuaren ordez, herritar bakoitzaren erregistro indibiduala eginen da. Kode pertsonal bat edukiko du bakoitzak, norbere datu base elektronikora sartzeko.

PP, aldaketaren aurka

PPren iritziz, aldaketa bultzatuta Espainiako Gobernuak «premiarik gabeko eztabaida» ireki du. Luisa Fernanda Rudi Aragoiko PPko presidenteak adierazi du «gai garrantzitsuagoei buruzko arreta desbideratu» nahi duela gobernuak. Rudik jakinarazi du Mariano Raxoi PPko buruak lege proiektuaren aurka «borroka» eginen duela.

Jose Antonio Alonso PSOEren Espainiako Parlamentuko bozeramailearentzat, ordea, gurasoen arteko «berdintasuna» eta «aukeratzeko askatasuna» bermatzen ditu legeak. Espainiako hainbat elkarte kontserbadorek gogor kritikatu dute lege proiektua, «familiaren aurkakoa» delakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.