Telebista

'Aitaren Etxea' telesaila irailaren 30ean estreinatuko dute ETB1en

Frankismoaren bigarren hamarkadako "benetako pasadizoak" islatu nahi ditu ekoizpenak.

Aitaren etxea telesailaren grabaketako une bat. ETB
Edu Lartzanguren.
2015eko irailaren 23a
08:21
Entzun

«Aitona-amonek eta gurasoek kontatu digutena ikusi egingo dugu orain», esan du Jabi Elortegi ikus-entzunezkoen zuzendariak. Aitaren Etxea telesailaren lema eraman du, eta irailaren 30ean, datorren asteazkenean, estreinatuko du ETB1n. 1950eko giro eta tira-birak amodiozko istorio baten bidez erretratatuko ditu telesailak. Euskal Herriko historia garaikidea kontatzeko lan luze bateko urratsa izango da, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiaren arabera.

«Apustu handia egin dugu», esan du goizean Maite Iturbek Aitaren Etxea telesaila aurkezteko prentsaurrekoan, Donostian. Telesailak«benetako pasadizoak» islatuko dituela gaineratu du. «Gure historia geuk kontatuko dugu».

Euskal Herriko kostaldeko Echegui fikziozko herrian,  zelaiatarrak eta egañatarrak bizi dira. Kontrako aldeetan ibili ziren 1936ko gerran. Egaña jauna (Kandido Uranga aktoreak antzeztuta) alkate frankista da orain, hotel baten jabea. Irene izeneko alaba dauka (Loreto Mauleonek antzeztuta). Irene  Zelaia galtzailearen semearekin, Martin gaztearekin (Ander Azurmendi), maiteminduko da.

Diktadura, kalean musua ezin ematea, lan gatazkak eta frankismoaren aurkako lehen erresistentzia ekintzak islatuko dituzte telesailean. «Iritsiko da garaia gure historia berriagoa kontatzeko, ikusleek erantzuten badute», adierazi du Iturbek, «baina 1950eko istorio honetan gero etorriko zenaren enbrioia dago». Hamarkadaz hamarkada historia kontatzen aurrera jarraitzeko asmoa dutela gaineratu du Elortegik.

Jabi Elortegik Goenkale zein Go!azen saioak zuzendu ditu ETBrentzat eta Zorion Perfektua film luzea.

Pausokak eta ETBk ekoitzi dute Aitaren Etxea. Aktore dabiltza, besteak beste, Loreto Mauleon, Ander Azurmendi, Felix Arkarazo, Iñigo Aranburu, Kandido Uranga eta Josean Bengoetxea. Musika Fernando Velazquezek egin du (Lo Imposible), eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu du. Makillajeaz Karmele Soler arduratu da, aurtengo Zinemira sariduna Zinemaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.