Onda Vasca irrati katean elkarrizketatu dute Aitor Esteban EAJko Espainiako Kongresuko bozeramailea, eta bertan salatu du bake prozesua ez dagoela Rajoyren agendan. "Bere bezeroen zati zehatz bati begiratzen dio", gaineratu du.
Estebanek uste du Rajoyk ez duela bake prozesuan urratsik egiteko asmorik. Carlos Iturgaitz EAEko PPko buruzagi ohiak herenegun esan zuen PPn "bi arima" daudela Bildurekiko izan beharreko jarreraren harira, eta Estebanek iritzi dio Rajoyren mugimendurik eza "Mayor Orejak irudikatzen duen pertsona talde bati" eginiko keinua dela.
Espainiako Gobernuko presidenteak "kakotx artean diktadorearen rola" bete dezakeela ere esan du Estebanek, PPk "botere gune guztiak" erabat hartzen dituela argudiatuta: "Haren esku dago botere exekutiboa, legegilea; eginiko aldaketen ondoren, Botere Judizialaren Kontseilu Orokorra; eta Auzitegi Konstituzionala kontrolatzen du".
Espainiako Gobernuaren ordezkariaz
Estebanek esan du ez dela "hain erraza" Espainiako Gobernuaren ordezkariaren kargua kentzea, argudiatuta Espainiako Konstituzioan ageri dela kargu hori. Ordezkaria kendu ahal izateko PPren edo PSOEren oniritzia beharko litzatekeela oroitarazi du.
Hala ere, Madrilek erkidegoetan dituen ordezkariek ez dutela "Espainiako Gobernuarekiko erantzukizun subordinaturik" uste du Estebanek. Azaldu du ordezkari horiek "gizarte osoari" eman behar diotela zerbitzua, "jakinda gizartea oso anitza dela".