Non egon ziren katalanak Ibarretxe lehendakariari eraso egin ziotenean edo alderdien legea onartu zenean?", galdetu du Estebanek ETBn emandako elkarrizketa batean. Estebanek adierazi du EAJren jarrera izan dela "katalanek erabakitzen dutena errespetatzea". Era berean, gogoratu du bere alderdiak "hitzartutako galdeketa bat" egiteko aukera eskatuko duela aurrerantzean ere.
Pilar Rahola kazetariak aurreko ostegunean La Vanguardia egunkarian idatzitako artikulu batean katalanekiko euskaldunen elkartasunik eza salatu zuen. Hitz horiek "bidegabetzat" jo ditu Estebanek. "Gu beti hor egon gara, baina gu ez gara sartuko gure herriak parte hartzen ez duen dinamika batean".
Horrez gain, Estebanek nabarmendu du Euskadin eta Katalunian "arazo nazionalak" daudela, eta hori konpontzen ez den bitartean, "estatuan ez da posible izango ezer finkorik konpontzea". Ikuspuntu ezberdinen arteko elkar ulertzearen alde egin du Estebanek, eta galdetu du ea zergatik "gehiengo abertzaleak etengabe errepikatzen diren bitartean beste aldea ez den mugitzen".
Hauteskundeei begira, EAJko bozeramaileak azaldu du bere alderdiak ez duela planteatzen "Madrilen gobernatzea". Aurreko astean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Madrilen PP eta Ciudadanosekin itunak egiteko aukera aipatu zuen. Estebanek, ordea, onartu du heldu den legealdian Espainiako Konstituzioa aldatzeko mugimenduak izan daitezkeela eta hori gertatuz gero EAJ elkarrizketarako prest egongo dela.