2015ean espetxeratu zuten Aitor Fernandez bilbotarra Aingeru Cardañorekin batera, hamalau urte lehenago egindako kale eraso bat leporatuta —2001ean Bilboko Santutxu auzoko kutxa automatiko bat erretzea—. Hiru urteko espetxe zigorra bete ondoren, aske geratu da. Aurretik ere zazpi urte eman zituen espetxean Fernandezek.
2015ean Espainiako justiziak ezarritako zigorra desobedituko zutela iragarri zuten Cardañok eta Fernandezek, baina hori jakinarazi eta gutxira atxilotu zituen Ertzaintzak.
Aipatutako kale erasoarekin lotuta auzipetu zituzten Fernandez eta Cardaño. 2003an Ertzaintzak aurrenekoz atxilotu zituenean Arkautiko polizia etxean eginiko deklarazioetan oinarritu zen jarritako zigorra. Han egon ziren bitartean, tratu txarrak eta torturak jasan zituztela salatu zuten bi gazteek.