Hemeretzi orriko ebazpenak biltzen duenez, frogek ez dute arrazoizko ziurtasun maila batekin erakusten "Telleriaren ordenagailuan zeuden dokumentuak akusatuen arteko aurreakordio baten ondorioz egindakoak zirenik". Beraz, frogatutzat ematen da Telleriaren ordenagailuan Arabako politika eta gizarte alorreko hainbat lagunen datuak zituzten dokumentu batzuk zeudela, baina ez dago froga sendorik egilearen gainean. Erabakiaren aurka kasazio helegitea jar dezakete.
Telleriak epaiketan ukatu egin zuen ertzainei zelatatzea "agindu" izana, eta iturri "anonimoek" bidalitako informazioa zela adierazi zuen. Onartu zuen bere bulegotik polizia operazioan jasotako kanpo memorian dokumentu batzuk "kopiatu eta pegatu" zituela. Gaineratu zuen "txotxolokeriak" zirela eta informazio hori "publikoa" zela.
Fiskalak launa urteko kartzela zigorra eskatu zuen guztientzat. Eta, horrez gain, ustez zelatatuak izan ziren 21 lagun horiei 342.000 euroko kalte-ordaina pagatzea. Fiskalaren arabera, ertzainak Telleriarekin harremanetan jarri ziren, eta hainbat lagunen inguruan lortzen zituzten datuak helaraztea adostu zuten. Besteak beste, kazetariak, ertzainak eta politikariak ziren ustez zelatatuak.
Arabako EAJk begi onez hartu du auzitegiaren erabakia. Ohar baten bidez adierazi du "poz bikoitza" jaso dutela, batetik "arlo pertsonalean", absolbitutako hiru lagunengatik; eta bestetik, EAJ espiotzarekin lotzen zuten adierazpenak "faltsuak direla frogatu delako".