Madrilen egindako lanak euskal herritarren egunerokotasunean eragina du. Hala adierazi dute Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia Espainiako Kongresurako Bizkaiko eta Gipuzkoako EAJren zerrendaburuek. Haien irudiko, horren adierazle da amaitzear den legealdian EAJk handik egindako lan «arrakastatsua».
Azaroaren 20ko hauteskundeetarako programa aurkeztu zuten atzo jeltzaleek Donostian, Gipuzko Buru Batzarrak han duen egoitzan. Erkorekarekin eta Tapiarekin batera izan ziren Joseba Agirretxea Kongresurako Gipuzkoako hautagaia, Lorea Leanizbarrutia Espainiako Senaturako lurraldeko hautagaia eta Joseba Egibar GBBko presidentea.
ETAk hauteskunde kanpainaren atarian egindako adierazpenak baldintzatu du egunotako agenda politikoa. Erkorekaren irudiko, «ukaezina» da berriaren garrantzia: «Nekez aurkitu daiteke horren mailako albisterik». Dena den, aurrera begiratzeko garaia dela uste du. «Bakea ez da dena; bakeaz gain, beste erronka batzuk ditugu».
Hala, ziurtatu du ekonomia izango dela EAJk hauteskundeotan babestuko duen programaren ardatza. Greziaren egoera kezkagarriak hedatu duen beldurra Espainian nozitu daiteke, eta Mediterraneoko herrialdeak hondoa jotzen badu egoera are ilunagoa izango dela aurreikusi du Erkorekak. Horregatik, orain dela lau urte bakearen alde borrokatzea lehentasuna zen bezala, orain alderdien erronka ekonomia bideratzea dela azaldu du.
Tapia alderdikideak adierazi du Euskal Herriko egoera ekonomikoa indartzeko ikerketa eta garapenean eta azpiegituretan inbertitu behar dela. Aldiriko trenen kudeaketak, Pasaiako portuak eta teknologia parkeek Euskal Herriaren «motorra» behar dute izan, haren esanetan.
«Lege zaharretik, berrira»
Estatus politiko berria lortzea da EAJren programaren beste ardatza. ETAren azken adierazpenaren ondoren euskal gizartearentzat aukera berriak ireki direla uste du Erkorekak, eta alderdi politikoek «eginbide berriak» hartu behar dituztela bizikidetza sustatzeko. Dioenez, halako egoeran «ez dago aitzakiarik normalizazio politikoaren eztabaida saihesteko». Hori amaitzear den legealdian argi geratu dela gaineratu du. «Espainiako Konstituzioa di-da batean alda daitekeela ikusi dugu. Arazo ekonomiko bat konpontzeko molda badaiteke, arazo politiko bat konpontzeko alda daiteke».
Jeltzaleek babesten duten estatus politiko berriak «lege zaharretik lege berrira» pasatzeko aukera emango duela adierazi du Erkorekak, «gure aldarrikapen eta helburu historikoak zaharberrituz». Zehaztu duenez, «akordioetan eta aldebikotasunean» oinarrituriko estatus bat izango da, «euskal erakundeetan jaio eta herritarrei egindako erreferendum batean» amaituko dena.
Amaiurren «programarik eza»
Lau erronka nagusi ditu EAJren programak: «Hazkunde jasangarri eta iraunkorrerako politika ekonomikoak sustatzea, Euskadiren interesak defendatzea, ongizate ekonomiaren eta politika publikoen aldeko apustua eta bakea eta normalizazioa lortzea». Horrez gain, «krisialditik irteteko eta Euskadi eraikitzen jarraitzeko» hamar lehentasun dituzte.
Programa osatzeko 2004ko eta 2008ko hauteskundeetako egitarauak aztertu zituztela azaldu du diputatuak. Azken legealdian alderdiak egindako lanari esker aurreko bozetan egindako eskaera asko bete direla azpimarratu du.
«Euskadin eta Euskadirentzat egindako programa bakarra» da EAJrena, Erkorekaren esanetan; «arazoak identifikatu, irtenbideak bilatu eta proposamenak egiten dituen bakarra». PSOEk eta PPk Madrilgo interesak defendatuko dituztela adierazi du. Amaiurrek, berriz, ez du hauteskunde programarik, jeltzalearen aburuz: «Ezker abertzaleak ondo erakutsi du ez duela programarik behar ezertarako, ez duela sinesten horretan».
Aitzakiarik gabe herritarren nahia «gaurkotzeko» eskatu du EAJk
Erkorekak adierazi du alderdiek egungo egoera politikoan bizikidetza sustatzeko «eginbide berriak» hartu behar dituztelaEgoera ekonomikoa bideratzea eta EAE indartzea izango da jeltzaleen lehentasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu