Politika

Aitziber Ezkerra aske gelditu da, 30.000 euroko bermea ordainduta

Ertzaintzaren eskuetan inkomunikatuta egon diren garaian, tratu txarrak jasan dituztela adierazi diote abokatuari Gurutz Agirresarobek eta Aitziber Ezkerrak

2010eko abuztuaren 7a
21:57
Entzun
Torturak salatu dituzte Ertzaintzak asteartean atxilotutako bi lagunek, Gurutz Agirresarobek eta Aitziber Ezkerrak. BERRIAri Aiert Larrarte abokatuak adierazi dionez, atxilotuek mehatxuak jaso dituztela salatu dute inkomunikazio garaian, baita oihu eta umilazioak jasan behar izan dituztela ere. Postura desegokietan ere edukiarazi dituzte. Galdeketarik gogorrenak jatorduetan eta sendagaiak hartzeko uneetan egiten dizkietela ere esan diote abokatuari. Aitziber Ezkerra aske gelditu da 30.000 euro ordainduta.

Agirresaroberen eta Ezkerraren hurbilekoek kezka adierazi dute aste honetan, ertzainen eskuetan ze tratu jasotzen ariko ote diren. Kezka handiagoa zuten Ezkerraren kasuan. Espondilitis ankilopoietiko gaixotasuna baitu, larria, hezurrei eragiten diena. Familiaren konfiantzako mediku Miren Aranak prentsaurrean azaldu zuenez, zenbait posturatan egoteak aparteko kaltea eragin diezaioke. «Postura jakin batzuk tortura lirateke harentzat».

Tratu txarren lehen zantzuak, atxiloketa unean bertan ere ikusi zituztela jakinarazi dute atxilotuen hurbilekoek. Haien arabera, ertzainek Agirresaroberi esan zioten neska-laguna ere atxilotu zutela. «Badakigu zertarako erabiltzen zituzten horrelako esaldiak. Lehen minututik bortxarako pausoak eman zituzten».

Atxiloaldian ospitalera eraman dituzte atxilotuak

Agirresarobe eta Ezkerra ospitalera eraman dituzte inkomunikazio garaian. Hala jakinarazi du AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Haren arabera, asteazkenean eraman zuten Ezkerra; Agirresarobe, herenegun eta atzo. Lehen egunean traumatologia sailera eraman zuten; atzo, otorrinoarengana, belarriko infekzio bat zela tarteko. Lekukoen arabera, 11:00 aldera eraman zituzten egunero atxilotuak Gasteizko Santiago ospitalera, eta «nekatu itxura» ageri zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.