Espainiako Poliziaren operazioa

Aitziber Igoa aske irtengo da, fiskalak ez baitu espetxeratzerik eskatu

Astearte goizaldean Espainiako Poliziak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan egindako sarekada handian atxilotuak Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aurrean deklaratzen ari dira piskanaka-piskanaka. Oraingoz, Zumaian (Gipuzkoa) atzemandako Aitziber Igoa aske geratuko da, fiskalak ez baitu hura espetxeratzeko eskatu. Lorea Azpilikueta, Maider Viso, Igor Astibia eta Patxi Cabo dira orain arte deklaratu duten beste lauak. Cabok ez beste guztiek konfiantzako abokatuarekin egin dute agerraldia, eta ez dute tratu txarrik salatu. Cabok, ordea, inkomunikatuta deklaratu du. Fiskaltzak horiek guztiak kartzelan sartzeko galdegin du, baina epaileak ez du oraindik erabakirik hartu.

2004ko azaroaren 18a
19:39
Entzun
Segur aski, atxilotu guztiei deklarazioa hartu arte Garzonek ez du autorik plazaratuko, eta, beraz, gutxienez bihar arte ez da jakingo espetxeratuko dituztenetz.

Arratsaldeko azken orduan Amaia Mundiñano ari zen deklaratzen.

Guztira 16 lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak astearte goizaldean, Hego Euskal Herrian abiatutako operazioan. Iruñean Lorea Azpilikueta, Gorka Jaunarena eta Igor Astibia atxilotu zituzten ; Berriozarren, berriz, Izaskun Villanueva eta Iban Medina atzeman zituzten poliziek.

Operazio berari lotuta, beste sei pertsona atzeman zituzten Gipuzkoan: Zestoan Margari Eizagirre atxilotu zuten; Antzuolan Patxi Cabo eta Amaia Mundiñano; Ibon Urrestarazu eta Alaitz Iturrioz Ordizian; eta Zumaian, berriz, Aitziber Igoa. Zumaian Aritz Romanelli ere atzeman zuten poliziek, baina gaixotasun larria duela-eta, erietxera eraman ondoren askatu egin zuten.

Bizkaian, berriz, beste hiru lagun atxilotu zituzten astearte goizean: Maider Viso eta Ruben Nieto Bilbon, eta Jon Duque Portugaleten. Arabari dagokionez, beste bi atxiloketa egin zituen Espainiako Poliziak herrialde horretan: Koldo Lekuona hiriburuan atxilotu zuten, eta Gustabo Fernandez, berriz, Zalduondon.

Gaur beste atxiloketa bat Ordizian

Atzo Iruñean atxilotutako Sergio Iribarrenekin, 17 dira Madrilen inkomunikatuta dituzten euskal herritarrak. Atxilotu guztiei "ETAren azpiegiturako kide" izatea leporatzen die poliziak.

Gaur arratsaldean, berriz, Xabier Balerdi hartu dute atxilo Ordizian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.