euskal herria

Aitzina, gazte erakunde berria aurkeztu dute Baionan

Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzale guztiak biltzeko asmoz sortu da Aitzina. Jeiki Gazte egunaren baitan eman dituzte taldearen izena eta oinarriak. Bideoa: Gazteek eguerdian egin duten martxa. [YouTube]http://youtu.be/nSbGy9wqIb0[/YouTube]

Berria.info
2013ko azaroaren 2a
21:11
Entzun

Aitzina, Ipar Euskal Herriko gazte abertzale eta ezkertiarrak biltzen dituen erakunde berria aurkeztu dute Baionan. Goizetik gauera hainbat ekintza egiten ari dira Baionan, eta 20:00etan hasi den ekitaldian aurkeztu dute erakundearen izena eta logoa: "Guretzat oso egun garrantzitsua izanen da, baina ez soilik erakunde berria aurkeztuko dugulako; hortik harago, gure lehen helburua beteko dugulako, hots, hainbeste aldiz aipatutako gazte ezkertiar eta abertzale guztiak antolakunde bakarrean biltzea", azaldu du Koldo Etxegaraik, Gazte Dinamikako kideak.

Erakunde berria Ipar Euskal Herrian sortu da, ezkerreko abertzaleen antolakundeetan historikoki egon diren zatiketak gainditzeko asmoz. Horregatik ez dira erakunde nazional batean barneratu. "Nazionalki erakundetzearen aukera eztabaidatu dugularik, argi geratu da guk hemengo [Ipar Euskal Herriko] gazte abertzale eta ezkertiar guztiak batu nahi ditugula. Hori lortzeko Ipar Euskal Herriko Ernai sortuko bagenu, zatiketa historikoetan murgilduta izan diren alderdi edo mugimenduekin lotuko gintuzkete eta zatiketa errepikatuko genuke. Horregatik, sortuko dugu hemengo gazte erakunde bat".

Festa goizetik

Gaur goizean 09.30ean hasi da Jeiki Gazte eguna, Baionan. 100 bat gazte bildu dira, Katalunia, Kurdistan, Okzitania, Korsika, Ernai, Gazte Dinamika eta Frantziako unibertsitateetako gazte sindikatuko ordezkariak entzuteko. Lurralde antolaketak gazteen antolatzeko moduan dituzten ondorioak eta oztopoak aipatu dituzte, eta horrez gainera, krisiari aurre egiteko ekarpenak egin dituzte ordezkariek.

Gazte Dinamikako Koldo Etxegaraik, Ernaiekin batera "bi ibilbide, bi desmartxa" direla azaldu du, baina "nazio ikuspegi berdina, erronka eta borroka berdinak" dituztela. Eztabaida bukatuta, gazteak bertso bazkarira joan dira Baionako kaleetan barna martxa batean. Bertso bazkarian 300 gazte baino gehiago elkartu dira. Odei Barroso, Amets Arzallus eta Maddi-Ane Txoperena bertsolariak izan dira, eta baita Xutik taldea ere. Egun osoan daude ekimenak Baionako hainbat gunetan, eta Berri Txarrak, Jim Murple Memorial eta DJ Madgicen emanaldiarekin emango diote amaiera egunari.

Gogoeta

Euskal Herrira gerturatu diren atzerriko gazteek nork beren herrian dituzten arazoak aipatu dituzte goizean.
Kurdistango ordezkariak, besteak beste, kurduera hitz egitea “Turkian debekatua” dagoela azaldu du, eta eskolan ikasteko aukerarik ez dagoela azaldu du, hizkuntza etxean bakarrik ikasten dela.Okzitaniakoak, berriz, mugimendu ezkertiar eta iraultzaileen artean zubiak eraikitzea eskatu du. Korsikarrak, uhartearen “egoera larria” azaldu du, Korsika 1769an Frantziak  "kolonizatu" zuela gogoraraziz. Katalanak, bere herrian gertatzen ari direnak azaltzearekin batera, "bereizketa gelditu behar" dela esan du, "batasunaren alde pauso bat eginez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.