Aitzol Gogorza euskal presoa atzo eguerditik Bilboko Basurtuko ospitalean daukatela jakinarazi du gaur Etxerat elkarteak. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoetako bat da.
"Aitzolek gora-behera handiak izaten ditu, eta azkenaldian animoz nahiko baxu dago. Egoerari buelta ematen ez diola ikusita, espetxeko medikuek, presoaren konfiantzazko medikuek eta Aitzolek berak ikusi zuten hoberena ospitaleratzea izango zela", dio Etxeraten prentsa oharrak.
Senideek eta konfiantzazko medikuek ezin izan dute Gogorzarekin egon oraindik. Dena dela, datozen orduetan familiakoek presoa ikusteko aukera izango dute, Etxeraten arabera.
Gogorzak obsesio konbultsio nahasmena du. 1999an atxilotu zutenean, gaixotasuna berpiztu egin zitzaion eta asistentzia psikiatriko espezializatua behar izan zuen Poissyko espetxean (Frantzia). 2011ko ekainean Soto del Real espetxera (Espainia) eraman zuten; tentsio uneak bizi izan zituen kartzelako funtzionarioekin eta bakartze erregimenean jarri zuten. Urte bereko urrian gaixotasuna larriagotu egin zitzaion.