1936ko urriak 17 egun ditu. Jose Ariztimuño Olaso Hernaniko hilerrian erori da, fusilatze piketeak tiroz jota. Bi egun lehenago 'Galerna' ontzian atxilotu zutenetik jasotako tratu txarren markak agerian ditu ikusi nahi dituenarentzat. Ondarretako kartzelan "libre" utzi dutela diote agiri ofizialek, baina libertatea heriotzaren eufemismoa da kasu honetan, hiltzera atera baitute.
'Aitzol'. Horixe da Ariztimuñoren ezizena, halaxe deitzen diote azken urteetan ezagutu dutenek. Apaiztu ondoren Espainian eta Katalunian zehar ibili ostean, 1930etik dago Euskal Herrian, eta Euskaltzaleak elkartearen zuzendaritzan eta Eusko Pizkundea mugimenduan egindako lanengatik da ezaguna batez ere. Baita Euzko Langileen Alkartasunaren aldeko ekinagatik ere.
Gerra piztu zenetik, EAJren eta karlisten arteko akordioa lortzen saiatu da, eta jardun horretan egindako bidaian harrapatu zuten herenegun frankistek, itsasoan.
Urriaren 13an, Donibane Lohitzunera (Lapurdi) joana zen Aitzol. Han, Vatikanoren laguntza eske Erromara zihoan Alberto Onaindia agurtu zuen. Baita erbestean ziren Labaien eta Ziaurriz abertzale tolosarrak bisitatu ere. Bilbora joateko asmoa agertu zien apaiz euskaltzaleak, halakorik ez egiteko aholkatu zioten adiskideek. Alferrik. Baionan igo zen 'Galerna' ontzira apaiza. Duela bi egun, esan bezala. Francoren aldekoek itsasoan ontziko kapitainari gelditzeko agindu, atxilotu eta Pasaiako portuan lehorreratu zuten arte. Aitzol gau hartan bertan eraman zuten Ondarretako espetxera.
Berehala eman dute prentsan albistea. Atzoko LA VOZ DE ESPAÑA karlista eta UNIDAD falangista dira horren lekuko. EL DIARIO VASCO atzeratu da, harrigarriki. Gaur arte ez du albistea eman, baina ezin ukatuko du pozarren eman duela. "Energúmeno", "personaje siniestro", "pez gordo", "mal español, mal vasco y peor ministro de Dios" eta antzeko loreak eskaini dizkio Tolosan jaiotako apaizari.
Aitzolekin batera Ondarretan atxilotuta egon zen Jacques Pelletier kazetari frantsesak gerora argitaratuko duen artikuluari esker jakingo dugu Aitzolen tortura saioen berri. Ebaindua, odoleztatuta azalduko du, bere kabuz zutik ibiltzeko ezgauza.
Paradoxak zer diren, hilketarena ez, “askatzearen” agiria sinatu du Ramiro Llamas Donostiako epaile militarrak gaur. Ederki asko daki Aitzol eta beste hainbat preso hiltzera eramateko baimena ari dela sinatzen, baina eufemismoak horretarako daude frankista herrian: egia ezkutatzeko.
Hernaniko hilerrian eraitsi dute Aitzol. Ez da bakarra gaurkoan. Hilketaren hitzaurretzat har daitezke Sevillako komandante militar Queipo de Llano jeneralaren hitzak, gaurko UNIDAD egunkarian: “Eskifaiako 25 kideak eta 50 bat bidaiari atxilotu dituzte ['Galerna'-n], eta kalitateko zenbait badira haien artean, gorriak eta nazionalistak, nazionalista zikin horiek. Guztiei emango zaie merezi duten zigorra. Beren kideak barbarokeriara bideratu dituzten nazionalistak, erlijioaren izenean ari direla esanez. Buruzagi separatista horiek, beren betebehar katolikoak ahaztu eta gorriekin eta anarkistekin batera krimen latzenak abian jartiz. Eta nazionalista horien artean apaizak egon!”.
Hilketa piketeko kideek Amasako jatetxe batean partituko dituzte Tolosako apaizari eta gaur hildako gainerakoei kendutako jabetzak. Harpilaketa dei dakioke. Lan onaren ordaina deitzen diote.