Akitaniako Eskualde Kontseiluak Aurore Martin Batasuneko kidearen aurkako auzia salatu du, Kazeta.info-k argitaratu duenez. Atzo egin zuen kontseiluak urteko azken batzarra, eta aho batez onartu zuen Martini sostengua ematea. PS-PRG-Berdeak taldeak aurkeztu zuen idatzia.
Frantziak duela hilabete eta erdi atxilotu, eta Espainiaratu egin zuen Batasuneko kidea. Preso dago harrezkero.
Aipatutako kontseiluak ez du ontzat hartzen kasua. "Akitaniako Eskualde Kontseiluak Espainian egin dituen ekitaldi politiko publikoetan parte hartzeagatik [frantses] herritar bat estraditatzeko erabakia deitoratzen du, eta zalantza agertzen du euroaginduaren erabilpenari buruz kasu honetan".
Euskal Herriko egungo egoera politikoa kontuan hartuta, "bihozbera" aritzeko eskatu dio Espainiako Justiziari. Bizikidetza sustatu beharra dagoela iritzi diote kontseilariek.