Legegintzaldiko lehen urtearen balorazio "baikorra" egin dute Geroa Bai, Ahal Dugu, EH Bildu eta Ezkerrak. Beren artean akordioak lortzeko eta zailtasunei aurre egiteko izan duten "gaitasuna" nabarmendu dute. Akordio programatikoarekiko "konpromiso irmoa" berretsi dute lau alderdiek, haien ustez "ezinbesteko tresna" baita aldaketa sozial eta politikoan "sakontzeko".
Akordioan sakontzeko eta gobernuaren kudeaketa hobetzeko ildoak ere zehaztu ditu gobernuak. Garrantzitsutzat jo dute alderdiek eta gobernuak informazioa trukatzea, eta haien arteko koordinazioa hobetzea. Besteak beste, desadostasunak kudeatzeaz aritu dira.
Gaur egin dute alderdiek eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek datorren ikasturteko lehen jarraipen bilera. Sektorekako zenbait bilera egingo dituzte datozen asteetan, eta irail hasieran bilduko dira berriro, datorren ikasturterako lan ildoak eta gobernuak izango dituen lehentasunak zehazteko.