Abenduaren 17an Euskalduna Jauregian Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoak —Euskal Herri osoan, herritar guztiei, Euskal Herriaren etorkizunari buruz galdetu behar zaie, eragileek adostutako moduan— eta Hitzarmenerako Mahaiak bi urtean egindako ibilbideari "babesa eta bultzada" emateko asmoa dute.
Proposamen bat ere aurkeztuko dute han, baina proposamen hori gorpuzteko ezinbestekoa zaie hainbat eragilerekin biltzea. OHD sinatu ez zutenekin harremana mantenduko dute, haien ekarpenak jasotzeko. Udalbiltza, Udalbideren eta Iparraldeko hautetsien Biltzarraren ikuspuntuak eta ekarpenak ere jaso nahi dituzte.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxerekin ere bilduko dira. Izan ere, hark ere badu proposamen bat, eta Ibarretxeren proposamenaren eta OHDrenaren konbergentzi puntuak bilatu nahi dituzte. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanzekin ere bildu nahi dute, hark "konponbide prozesuan egingo duen ekarpena ezinbestekoa delako".
Bestalde, orain arte egin bezala, OHDren inguruko informazioa nazioartera zabaltzen ere jarraituko dute.
"Bazterketarik gabeko prozesua"
OHD "birformulatu" asmoz bazterketarik gabeko prozesu bat marrazten ari dela jakinarazi du Hitzarmenerako Mahaiak. Garrantzitsuena konponbide prozesua bera hastea eta Mahaia eratzea direla iritzi diote.
Beraien iritzian, hiru gune ari dira orain prozesuari bultzada ematen: Hitzarmenerako Mahaiaren jarduera, alderdien arteko aldebikoak eta ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko "balizko harremana". Hiruek dutela erantzukizuna eta elkarrengan eragiten dutela diote.
Horregatik uste dute "konponbide prozesua martxan jartzeko gakoa" eragile politiko eta sozialengan dagoela, "neurri handi batean".
Politika
Akordio zabalagorako oinarriak aurkeztuko ditu abenduaren 17an Hitzarmenerako Mahaiak
Nazio eztabaidagunetik sortutako Hitzarmenerako Mahaiak ekitaldia egingo du abenduaren 17an Bilboko Euskalduna Jauregian, akordio zabalagoa ahalbidetzeko oinarrizko printzipiotzat dituztenak aurkezteko. Bitartean, OHD Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu ez dutenekin harremanak izango dituzte, ekarpenak jasotzeko. Udalbiltzarekin, Udalbiderekin, Iparraldeko Hautetsien Biltzarrarekin, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxerekin bilerak egingo dituzte. Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanzekin biltzen ere saiatuko dira. OHD "birformulatzeko" asmoz abiatu dute prozesua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu