Eusko Jaurlaritzak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak akordioa berritu dute, Jaurlaritzak 2010ean emango dituen diru laguntzei buruzkoa. Guztira 1,6 milioi euro izango ditu eskura EEPk Iparraldean euskara sustatzeko. Zatirik handiena, 1,2 milioi euro, Iparraldean euskararen alde lanean ari diren elkarteek jasoko dute, hitzarmen bidez: AEK-k, Bertsularien Lagunak-ek, Biga Bai-k, Euskal Haziak-k, Euskal Irratiek, Ikas Bi-k, Seaskak eta Uda Lekuek. Beste 400.000 euro bideratuko dituzte euskara sustatzeko gainerako proiektuetara. Aurtengo aurrekontua iaz baino 210.000 euro handiagoa da. Jaurlaritzak 470.000 euro jarri ditu
Ramon Etxezarretak,Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, adierazi du Iparraldean euskalduntzea bultzatzea duela helburu EEPrekin sinatutako akordioak. Bide horretan, ETB1 eta ETB3 euskarazko kateak Iparraldean ikusi ahal izateko ahaleginak egingo dituztela esan du Etxezarretak.
Hain zuzen, Etxezarretak azalpenak eman ditu EITBren Baionako egoitzaz. Lehiaketa publikoa deituko dute hura kudeatzeko, oraingo kudeatzailearekin duten kontratua amaitzear baita. Etxezarretaren arabera, hiru kazetarik behintzat jarraituko dute. Orain arte jakin denez Iparraldearen orena saioa astean behin emango dute aurrerantzean, egunero ordez. Etxezarretak esan du erabaki hori "birpentsatu" daitekeela.
EUSKARA
Akordioa berritu dute Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak
Guztira 1,6 milioi euroko aurrekontua izango du EEPk, iaz baino 210.000 euro gehiago. Jaurlaritzak 470.000 euro jarri ditu. ETB1 eta ETB3 Iparraldean ikusi ahal izateko pausoak emango dituztela iragarri du Etxezarretak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu