Araban arreta jarri eta Lezako udalerriko erietxea indartzeko eskatu dio EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak Eusko Jaurlaritzari. Gaineratu du hori egin beharrekoa dela, Errioxako Gobernuarekin «akordioa lortu ala ez». Haren iritziz, garrantzitsua da Lezako ospitalea sendotzea; horrela, Arabako Errioxako biztanleek osasun zerbitzua bermatua izango dutela uste du Agirrezabalak, «Errioxako Gobernuaren unean uneko borondatearen menpe egon gabe». Hortaz, gaineratu du bi gobernuen arteko hitzarmen bat ez dela inguru horretako herritarrek behar duten konponbidea.
PPko ordezkariak, aldiz, pozik agertu dira Eusko Jaurlaritzak eta Errioxako Gobernuak erdietsitako akordioarekin. Antonio Basagoiti Euskal Autonomia Erkidegoko PPko buruak azaldu duenez, hitzarmenarekin «betiko» konpondu da Arabako Errioxako biztanleen osasun arretaren gaineko auzia. Basagoitik nabarmendu du inguru horretako gaixoak gertuen duten erietxean artatuko dituztela, «nahasmen politikoen gainetik». Halaber, Eusko Legebiltzarreko presidente Arantza Quirogak ohartarazi du herritarrekiko zerbitzua lehenetsi beharra dagoela «guztiaren gainetik».
Oiongo (Araba) alkate Ruben Garridok eskerrak eman dizkie Eusko Jaurlaritzari eta Errioxako Gobernuari. Gainera, ados jartzeko PPk eta bereziki Basagoitik izandako jarrera goraipatu du Garridok. UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok, aldiz, adierazi du Espainiako Gobernuaren esku utzi behar direla osasun eskuduntzak. Neurri horrekin, erkidegoen arteko gatazkak amaituko liratekeelakoan dago Maneiro.
Gaixotasun arraroen kostua
Arrarotzat jotzen diren eritasunak dituztenek sendagaiengatik zenbat ordaindu behar duten aztertzeko eskatu dio EAJk Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari. Alderdi horretako legebiltzarkide Fatima Ansotegiren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 300.000 pertsona inguruk arrarotzat jotzen diren gaixotasunak dituzte.
«Akordioa lortu ala ez», Lezako ospitalea indartzeko eskatu du EAk
Basagoitik dio itunari esker «betiko» argitu dela Arabako Errioxako herritarren osasun artari buruzko gatazka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu