Akordioa lortzear dela dio Jaurlaritzak, baina Errioxak ez du eriak artatzeko asmorik

Astelehenean elkartuko dira berriz ere bi aldeak Arabako Errioxako gaixoen osasun artaren inguruan negoziatzeko

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Korapiloa ez da askatu oraindik Arabako Errioxako biztanleentzat osasun arretaren inguruko auzian. Astelehenean eseriko dira berriro Eusko Jaurlaritzako eta Errioxako Gobernuko osasun sailak negoziatzen jarraitzeko. Jaurlaritzako Osasun sailak akordioa lortzear dagoela adierazi zuen atzo, eta «zantzu guztien arabera» astelehenean sinatuko dutela. Pedro Sanz Errioxako presidenteak, berriz, hitzarmenik ez dagoela ziurtatu zuen, eta oraingo egoera aurreko egunetako berbera dela.

Errioxako Gobernuak prentsa ohar baten bitartez adierazi zuenez, Ignacio Nieto eta Rafael Bengoa bi lurraldeetako osasun sailburuek telefonoz hitz egin zuten atzo, eta asteburuan elkarrizketak izango dituzte. Herenegun hautsi zituzten harremanei berriro heldu diete osasun sailek. Hilabete batez beren jarrerei tinko heldu diote, eta ez dituzte eskaerak bigundu. Hiru hilabeteko epea izango dute orain behin betiko akordioa lortzeko.

Espainiako Osasun Ministerioak bere jarrera bertan behera uzteko eskatu zion Errioxari goizean, eta eriak artatzeko. Espainiako erkidegoak hori egingo zuela zabaldu zen arren, bereari eusteko asmoa agertu zuen Sanzek. Ministerioaren eskakizuna «azalekoa» dela salatu zuen, eta Leire Pajin Osasun ministroak gatazka osoan hartu duen erabaki bakarra izan dela.

Haien egoera dela eta, mobilizatzeko deia egin zuten Arabako Errioxako biztanleek. Hainbat alkatek eta eragilek bilera egin zuten, eta lehenengo protesta hilaren 9an Eltziegon (Araba) egitea erabaki zuten. Jokin Villanueva herritarren bozeramaileak adierazi zuen politikarien jarduerarekin «desilusionaturik» daudela. Egoera argitu gabe dagoela ikusita, BERRIAri jakinarazi zionez, mobilizazio deialdiarekin aurrera jarraituko dute. Gasteizen eta Logroñon egingo dituzte hurrengo mobilizazioak.

ESK gatazkaren kontra agertu da. Osasun arretaren auziak eriak «salgai soil» bihurtu dituela deitoratu dute, «lurraldeen arteko inolako solidaritaterik gabe». Bengoaren erantzukizuna nabarmendu du ESK-k. Izan ere, urte hauetan Arabako Errioxaren alde «ezer ere ez» duela egin azaldu du sindikatuak; «makroproiektuak onartu» bai, baina herritarrak «baztertu» egin dituela. Lezako erietxea eraldatu behar dela uste dute, zerbitzu osoagoa eman dezan.

Politikariak, elkarri mokoka

Komunikabideen aurrean adierazpen asko egin zituzten atzo politikariek Arabako Errioxako osasun arretaren harira. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gogor salatu zuen Sanzen jarrera. Jakinarazi zuenez, Errioxak Jaurlaritzari egindako proposamenean, urtean Errioxako 500 emakumek EAEko erietxeetan abortatu beharko lukete. Abortatzera Errioxatik kanpo joatera behartu nahi ditu Sanzek, haren ustez. «Euskal jendearen kontrako jarrera» daukala esan zuen Lopezek; horrela «botoak irabaziko» dituela uste duelako.

Lopezek jakinarazi zuen gatazka konpondu bitartean Eusko Jaurlaritzak doako autobusak jarriko dizkiela Arabako Errioxako biztanleei Gasteizera medikutara joan ahal izateko.

Sanzen ustez, «anekdota hutsa» da abortuarena. EAJ Jaurlaritzan egongo balitz gatazka konponduta egongo litzatekeela uste du Errioxako presidenteak. PSE-EEk «politika asko» egin nahi duela adierazi du, baina «bide erratutik» doazela sozialistak.

Errioxaren eta EAEren arteko gatazkari Kantabria gehitu zitzaion atzo. Maria Jose Saenz de Buruaga Kantabriako Osasun sailburuak Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu zuen. «Ezin da deitoratu lurralde batek osasun muga bat kentzea, hori bera egiteko asmoa» badago. Lopezek atzo ziurtatu zuen Jaurlaritzak ez duela «gudarik hasiko» beste erkidegoekin. Gaztela eta Leongo Osasun sailburu Juan Vicente Herrerak ere hitz egin zuen. Euskal Autonomia Erkidegoarekiko «elkarrekikotasunarekin» jokatzen dutela azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.