EAJk, EAk eta EB-Berdeek sinatutako gobernu akordioak 60 orri ditu, eta horietatik lehenengo hamaikek bakea eta normalizazio politikoari begira hirukoak hartzen dituen konpromisoak jasotzen dituzte. Gainontzekoek gizarte alorrari dagozkion neurriak biltzen dituzte. Hitzarmenaren hitzaurrean hirukoak legealdi honetarako dituen lehentasunak jasota daude: bakea eta normalizazio politikoa eta «gizarte-garapena». Hona hemengobernu akordioak jasotzen dituen konpromisoetako batzuk:
-bakea: Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna bakea lortzea izango da. Hala dio hirukoaren akordioak. «Etapa berri» baten atarian gaudela dio, bakea lortzeko «beste aukera baten aurrean». Hala, gobernua gutxiengoan dagoela kontuan hartuta, Legebiltzarreko beste alderdiekin «etengabeko negoziazioa» bultzatzearen aldekoa da hirukoa, akordioak lortzeko. Halaber, legealdi honetan inolako bazterketarik eta aurrebaldintzarik gabeko elkarrizketa abiatu nahi du Jaurlaritzak, normalizazio politikorako akordioa lortu ahal izateko. Besteak beste, akordio horrek erabakitzeko eskubidearen eta lurraldetasunaren gaineko adostasuna bilduko lituzke, eta Estatuarekin alde bitariko hitzarmenaren beharra. Normalizaziorako akordioa euskal gizarteak berretsiko luke kontsulta bidez, indarkeriarik gabeko egoera batean. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak baimena eskatuko lioke Eusko Legebiltzarrari kontsulta egiteko. Estatuarekin hitzarmen bat negoziatzeko konpromisoa ere hartu du hirukoak, euskal gizartearen erabakiak isla izan dezan esparru juridiko-politiko batean.
-giza eskubideak: Aurreko legealdian hirukoak hartutako «konpromiso etikoari» jarraiki ETAri desagertzeko eskatu diote berriz ere hirukoa osatzen duten alderdiek. ETAk su-etena ematea eta Estatuak «egoera baretzeko» neurriak hartzea premiazkotzat jotzen dute.Indarkeriak kaltetutakoen giza eskubideen defentsan hainbat neurri abiatuko ditu gobernuak, besteak beste, Giza Eskubideen eta Askatasunen Behatokia sortu nahi du. Bestetik, preso eta atxilotuen eskubideak bermatze aldera, besteak beste, Jaurlaritzak espetxe politika berriro aztertzeko eskatuko dio Espainiako Gobernuari. Atxilotuen laguntzarako protokoloak «hobetuko» ditu, batez ere inkomunikazio egoeran daudenen kasuan, eta egoera hori ez dela «sistematikoki» aplikatuko dio akordioak.
-Askatasun zibil eta politikoak: Askatasunak murrizteko neurri guztien aurka azaldu dira EAJ, EA eta EB koalizio akordioan, bereziki hedabideak ixtearen edo alderdi politikoak legez kanpo uztearen aurka. Hala, Alderdien Legea indargabetzeko eskatu eta epaiketaren zain dauden itxitako hedabideen auziak artxibatzeko eskatu eta aldarrikatuko du Jaurlaritzak.
-ETXEBIZITZA: Sei hilabeteko epean lurzoruari buruzko lege proiektua Ðaurreko legealdian gobernu kontseiluak onartutako beraÐ eramango du Jaurlaritzak Legebiltzarrera. Halaber, bi urteko epean etxebizitzari buruzko lege proiektua bidaliko du Legebiltzarrera. Horrez gain, babestutako etxeen eskaintza handitu, eta hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko elkarte publikoa sortuko du (Bizigune).
-Trenbide sarea: Honako ezaugarriak izango ditu Jaurlaritzak martxan jarri nahi duen trenbide sareak: bidaiari eta merkantzien trafikoa eramateko sarea izango da, gehieneko abiadura 220-230 kilometro ordukoa izango du, Bilboko portuarekin zuzenean konektatuko du, eta tarteko hiriburu eta lotuneetan bidarientzako geltokiak izango ditu. Sare berri hori oso osorik kudeatzea da Jaurlaritzaren asmoa.
-euskal kultura: Besteak beste, honako egitasmoak martxan jartzeko konpromisoa hartu du hiruko gobernuak: Kulturaren Euskal Plana garatzea; Liburutegien euskal lege egitasmoa onestea eta Euskadiko Liburutegi Nazionala sortzea; Euskadi Institutua sortzea, euskara eta euskal kultura kanpoaldean sustatu eta hedatzeko... Bestetik, euskararen aldeko politika«integratzailea, malgua eta errealitate sozialari egokitua» garatzeko hitza eman du: besteak beste, EAEko administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko plan berriak ezartzea, euskarazko ahozko eta idatzizko hedabideen finkapena eta ugaltzea bultzatzea...
-etorkinak: Etorkinen gizarte eta kultur integrazioa lortzeko bidean, besteak beste, Jaurlaritzak Immigrazioari buruzko II. Plana landu eta Immigrazioaren Euskal Behatokia sortu nahi du.
-familia arreta: Familiei laguntza emateko lege egitasmoa onartu nahi du hirukoak. Xedea da guraso bakarreko familiei babesa ematea, eta laguntza berriak ematea bigarren eta hirugarren seme-alaben arabera.
EUSKO JAURLARITZAREN OSAKETA. GOBERNU AKORDIOAREN IZENPETZEA
Akordioak dio «negoziatzeko eta erabakitzeko legealdia» izango dela
Bakea, normalizazio politikoa eta «gizarte garapena» dira hirukoak zehaztu dituen erronkak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu