Hamahiru puntu adostu dituzte Ukraina, Errusia, Alemania eta Frantziako agintariek Minskeko goi bileran. Honako hauek dira:
1. Berehalako su-etena ematea errebeldeen esku dauden eremuetan, larunbat gauerditik aurrera.
2. Bi aldeek armamentu astun guztia distantzia berera erretiratzea, 50 kilometroko segurtasun gune bat sortzeko.
3. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak ikuskatuko du su-etena eta armamentu astunaren erretiratzea errespetatzen den.
4. Errebeldeen kontrolpean dauden guneetan hauteskundeetara deitzeko elkarrizketak abiatzea, Ukrainako legeriaren eta autogobernu legearen arabera. Eremu errusiazale horien etorkizuneko estatusari buruzko elkarrizketak ere hastea.
5. Donetsk eta Luhanskeko lurraldeetan gatazkan parte hartu duten guztiei amnistia orokorra ematea.
6. Bahituak askatzea eta gerra presoak trukatzea.
7. Laguntza humanitarioaren hornikuntza bermatzea, nazioarteko mekanismo baten bidez.
8. Ukraina eta ekialdeko lurraldeen arteko harreman ekonomikoak berrezartzeko programa bat adostea; ordainketa sozialak, pentsioak eta banku zerbitzuak barne hartu beharko ditu programak.
9. 2015 amaierarako Ukraina eta Errusia arteko muga Ukrainako Estatuaren kontrolpean egotea. 11. puntuak baldintzatuta dago atal hau.
10- Atzerriko indar armatu guztiak eta mertzenarioak Ukrainako lurraldetik erretiratzea eta armagabetzea; ESLAk ikuskatu beharko du hori.
11. Ukrainako Konstituzioa erreformatzea eta aldaketak 2015 amaierarako indarrean egotea. Ukrainak deszentralizatu egin beharko du, Donetsk eta Luhansken ezaugarriak aintzat hartuz.
12. Tokiko hauteskundeak egitea, Ukrainako Gobernuak eta errebeldeek kontrolatutako eremuen ordezkariek adostuta eta ESLAk behatuta.
13. Harreman Taldearen barruan lantaldeak osatzea, neurriok ezartzeko.
Horiez gain, beste zehaztapen batzuk adostu dituzte testuan; kasurako, errebeldeen kontrolpeko eremuetan errusieraz hitz egiteko eskubidea.