Euskal Herria

"Akordioen garaia" dela uste du ETAk, estatuen aurrean "herri estrategia adosteko"

Euskal Herriko eragileen arteko akordio zabalen alde agertu da, bizikidetza eta burujabetzaren bidean aurrera egiteko. Nork bere kontakizuna izateko eskubidea duela dio, eta hildako kideak gogoratu ditu.

Senideak, herritarrak eta alderdietako ordezkariak, omenaldian. GORKA RUBIO, ARP
2013ko irailaren 28a
17:23
Entzun

«Euskal Herritik eta Euskal Herrira begira». Hori da euskal gatazka konpontzeko Espainiako eta Frantziako gobernuek ezarri duten blokeo egoera gainditzeko bidea, ETAren aburuz. Gara egunkariak gaur osorik argitaratu duen agirian, erakundeak dio "irismen luzeko prozesua" abiatu behar dela, Euskal Herriaren eta euskal langileen defentsa oinarri duen aldaketa prozesua "herri gisa" aliantza zabalak ehunduz joanez, "estatuekiko akordiorako aukera baztertu gabe, baina konponbidearen mahaira noiz etorriko diren zain izan gabe". Espainiako eta Frantziako "Inposaketei" aurre egiteko behar da "herri prozesua", burujabetza eta justizia sozialen bidean ibiltzeko,  "Euskal Herriaren hitza eta erabakia prozesuaren erdigunean jarrita".

Euskal Herriko eragileak eta herritarrak direla «bizikidetza demokratikoaren» oinarriak jarri behar dituztenak, «adiskidetze nazionalean» aurrera egiteko, zauriak osatzeko eta gatazkaren ondorioei eta gatazka armatuarekin lotutako salbuespeneko egoerei erantzuteko.

ETAk aitortu egiten du gatazkaren konponbidea globala izan dadin beharrezkoa dela Espainiako eta Frantziako estatuen parte hartzea: "Euskal eragile eta herritarren arteko adostasunak ez dira nahikoak hainbat eremutan urratsak eman daitezen" . Estatuen urratsak "ezinbestekoak" derizkio gatazka "bere osotasunean" konponduko bada. Erakundeak iritzi dio, ordea, «denbora luzea» daramala estatuei eskua luzatzen, baina egindako ahaleginek ez dutela fruiturik eman. Hori hala, eta egoerari buelta emateko, ETAk beharrezkotzat jotzen du herritarrek beren hitza entzunaraztea, estatuek beren buruak urratsak egitera behartuta ikus ditzaten, eskubide zibil eta politikoen alde, presoak eta iheslariak Euskal Herrira itzul daitezen, desmilitarizazioaren aldarrikapenean eta, oro har, euskal herritarren hitza eta erabakia errespeta dadin.

Memoria eta kontakizuna

Gudari Egunaren karietara plazaratu du agiria ETAk. Hildako erakundeko kideak eta haien senideak gogoratu ditu, eta erakundearen "borroka justua eta zilegia" izan dela defendatu du, "Euskal herriaren defentsan estatuek ezarri duten zapalkuntza ereduari eta biolentzia itzelari aurre egin" dielako. Memoriaren gaia ere jorratu du, "Euskal Herriaren askatasuna helburu duen borroka Euskal Herriaren ondare historikoa eta politikoa" baita. 

ETAk onartu egiten du eragile eta norbanako askok ez dutela bat egiten erakundeak iraganari buruz egiten duten azterketarekin, eta hori «errespetatu» egiten duela dio. «Ez gara eskatzen ari beste indar politikoek bat egitea gure ikuspuntuarekin, baina, era berean, ez dugu gure borroka ukatuko eta zapaltzaileen kontakizuna onartuko». PSOEren jarrera kritikatu du bereziki, ETAren ustez, bake ekinbide guztietatik urruntzea erabaki duelako: «Euskal Herria preso eduki nahi dute, hari hitza eta erabakia ukatzen dion estatuaren indarkeriaren eta sabai juridiko-politikoaren artean».

PSE Eusko Legebiltzarreko bake ponentziatik atera izanaz aritu da agirian, — sozialistek EH BIlduk zoru etikoaz duen jarrera "oztopo gaindiezina" dela iritzita — "Zoru etikoa, baina, gatazkaren jatorri politikoa eta estatuen biolentzia estali asmoz ezarri zuten". Ezker abertzalea legez kanporatua zegoela, azken hiru hamarkadotan gobernu ardurak izan dituzten hiru alderdiek "gatazka ETAren biolentzia zela, eta horrenbestez, errua ezker abertzalearena zela adostu baitzuten". Gerora, zolua "egia absolutua" bailitzan erabiliz, "denok ibili beharreko" bilakatu nahi izan dutela salatu du: "Zer nolako zilegitasuna dute inori bere ardurak aitor ditzala eskatzeko, beraiek dutena onartzeko oraindik imintziorik ere egin ez dutenean?" PSOEren jarreraren atzean beste arrazoi bat ikusten du erakundeak: "Estatuen biolentziaren gainean eraikitzen den zorua".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.